Erantzun oso ona jaso dute Markina-Xemeingo II. Topabeer jaialdiaren baitan antolatutako ekimenek
Artisau garagardoaren salmentagaz eta jendeak ekimenei emandako erantzunagaz pozik daude antolatzaileak. Rock and roll kontzertuekin amaituko da II. Topabeer jaialdia.
Herritarrek II. Topabeer jaialdiko ekimenetan parte hartu dute, gogotsu parte hartu ere. Ekainaren 13 eta 14an tabernetan eskaini zuten artisau garagardoa, eta gaur, ekainak 15, Kontzekupe aurrean jarritako txosnan. Aukeran egon dira La txika de la cerveza (Bilbo), Baobeer (Elgeta) eta Garai Brewing Company (Garai). Eskaria izan dute, eta jaialdiaren antolatzaileek balorazio ona egin dute: “Barikuan ere jende asko ibili zen I. Markina-Xemeingo Rock & Roll lehiaketaren finalaren inguruan, eta pozik gaude. Garagardo guztia amaitu zen, eta oso oso ondo joan zen guztia. Giro ederra eduki genuen”.
Roka nagusi. Girorik ez da falta izan ere I. Korribeer lasterketan. Gaur 19:00etarako zegoen iragarrita, eta puntu-puntuan hasi da. Antolatzaileek uste baino korrikalari gehiagok izena eman dute. 8 izan dira, guztiak gizonezkoak; 7 herrikoak, eta bat, Endika, santurtziarra. Zeukaten guztia eman dute Okerra kaletik Goiko Portalera eta Zelaiaren bueltan osatutako 550 metroko ibilbideari hiru buelta emateko. Itzuli bakoitza hasi aurretik, kaña bat edan behar izan dute, eta bigarrena ere kostata edan dute batzuek. Zailtasunak zailtasun, Kontzekupea lepo bete dutenen animoak jaso dituzte probak iraun artean. Azkenean, alde nabarmenagaz, Alex Maguregi Roka izan da helmugan lehena. Joseba Plaza izan da bigarrena eta Xabier Epelde hirugarrena.
Lasterketaren ostean, II. Topabeer jaialdiari amaiera emango dion 15. Markina Shots jaialdia hasi da. Agertokian, hiru talde handi: Kinki Boys (Burgos-Madrid), Hendrik Rover & Los Miticos GTS (Santander) eta Bamms (Donostia). Gauerdian amaituko da jaialdia Jai Alai tabernan, Albin Rat DJ-agaz.