Eik-Euk taldeak irabazi du Lekeitioko Gisatu Txapelketa
Hamahiru kuadrillak eman dute izena txapelketan. Jose Antonio Bastegieta 'Marko' eta Agurtzane Eizagirre epaimahaikideen arabera, Eik-Euk taldearena izan da aurtengo gisaturik onena. 37 puntugaz irabazi dute. Egunsentia eta Team taldea izan dira hurrengo sailkatuak.
Eik-Euk taldeko kideak txapela soinean. Argazkia: Aittitta Txiki Barikuko [ekainak 21] bertso saioari lekukoa hartuta, Gisatu Txapelketa izan zen zapatuan [ekainak 22], Lekeitioko XIX. Iparraldeko Haizeak jaialdiaren eskaintza nagusietako bat. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, hamahiru kuadrillak eman zuten izena txapelketan, eta horien artean Eik-Euk taldearena izan zen onena. Txapela, oroigarria eta 100 euroko saria pozik jaso zuten Aittitta Txiki Kultur Elkartekoen eskutik. Jose Antonio Bastegieta Marko eta Agurtzane Eizagirre epaimahaikideek 37 puntu eman zizkioten aurtengo erregosi onenari.
Egunsentia eta Team taldeek (36,5 eta 34,5 puntu) aurkeztuko kazolek, berriz, bigarren (70 euro eta oroigarria) eta hirugarren saria (50 euro eta oroigarria) eskuratu zituzten, hurrenez hurren. Farolillo gorria oroigarri berezia berriz, Ondarru Beach taldeak jaso du.
10:00ak inguruan hasi zituzten kuadrillek prestaketa lanak, eta 13:30ean kazolak Eskolapeko Limoiondoetan aurkeztu bitartean, haragi gisatu gozoena prestatzen saiatu ziren han-hemenka sakabanatuta. Eskolapean, moilan, plazan, Atean eta alde zaharreko kaleetako tabernen aurrean prestatu zituzten gisatuak.
Eta kuadrileek gisatuak prestatu zituzten bitartean, denbora ona lagun, girorik ez zen falta izan kalean. Herri osoa hartu zuen jaiak. Baigorriko gaiteroak, joaldunak, Itxaropenako txistulariak eta batukada herriko bazter guztiak alaitzen ibili ziren. Eta Fermin Balentzia abeslariak ere jarraitzaile asko batu zituen Galarrenako terrazan. Aittitta Txikikoek jaian parte hartu dutenei eskerrak eman nahi izan die. “Gisatu txapelketan parte hartu duten kuadrilla eta tabernen guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Horien artean, aipamen berezia egin nahi genieke Galarrena eta Bitali tabernei eman diguten laguntzagatik. Iparraldetik jai girotzera etorri direnei ere gure eskerrik beroenak. Oro har, jaia posible egiten lagundu duten denei eskerrak eman nahi genizkieke”.
Barikuan, bestalde, Abaroa jauregiko parkean egindako bertso saioa arrakastatsua izan zela aitortu dute antolatzaileek. 150 lagun batu ziren Jon Maiaren, Julio Sotoren, Maialen Lujanbioren eta Nerea Ibarzabalen bertso saioa ikusten. Gaur [ekainak 23], berriz, azoka eta bote luzea izango dira jaialdiaren protagonistak. Besteak beste, Iparraldeko eta Hegoaldeko ekoizleen elikagai eta artisautza produktuak eskuratzeko aukera egongo da 11:00etatik 14:30era, plazan.
Gisatu txapelketa. Sailkapena
- 1. Eik-Euk: 37 puntu.
- 2. Egunsentia: 36,5 puntu.
- 3. Team: 34,5 puntu.
- 4. Kosta Jaku: 31 puntu.
- 5. Kalbin Klein: 29,5 puntu.
- 6. Galarrena 1: 28,5 puntu.
- 7. Motxileruak: 27 puntu.
- 8. Galarrena 2: 26 puntu.
- 9. Aittitta Txiki: 25 puntu.
- 10. W.C. Komuns: 20,5 puntu.
- 11. Tia Fran: 18,5 puntu.
- 12. Gaozenak: 17,5 puntu.
- 13. Hamaikatxu: 16 puntu.
- 14. Ondarru Beach: 15 puntu.