'Festa dezagun gaurdanik geroa' dokumentala proiektatuko dute Amoroton
Proiekzioa barikuan [ekainak 28] izango da, kultur etxean. Bilgune Feministak eta Emaginek elkarlanean ekoiztutako lana da, eta Euskal Herriko jai ereduen gogoetak ditu oinarri.
Euskal Herriko jai ereduen gogoeta oinarri duen Festa dezagun gaurdanik geroa (2014) dokumentala emango dute barikuan [ekainaren 28a] Amorotoko Kultur Etxean. 18:00etan izango da, eta ostean, bertaratutakoek, Emagineko Aiora Epelde Agirrek gidatuko duen solasaldian parte hartzeko aukera izango dute.
Bilgune Feministak eta Emaginek elkarlanean egindako dokumentala da, eta “herri ezberdinetako talde nahiz norbanakoen bizipenetatik” abiatu dira: Irun eta Hondarribiko alardeak, San Ferminak edo Baztango mutil dantzak, besteak beste. Emakumeen parte hartzearen eta jai ereduen inguruko gogoeta feministak, jai batzordeetan indarkeria sexistari erantzuteko sortu izan diren protokoloak, Emakumeok Plazara proiektua, indarkeria sexistarik gabeko txokoak… jorratzen ditu dokumentalak.
Solasaldi irekia. Proiekzioaren ostean, ikusitakoaren inguruan eztabaidatzeko eta hausnarketak egiteko tartea izango dute herritarrek. Amoroto herri txikia izanik, hamabost bat pertsona batzera konprometitu dira Emakumeen Elkarteko kideak. Solasaldia euskaraz egingo dute, eta edonork izango du Kultur Etxera hurbiltzeko aukera.