Malas Compañias Zirku Taldearen 'Prozak' ikuskizuna, Berriatuan
San Pedro jaien egitarauaren parte da kale antzerkia, eta herriko plazan eskainiko dute eguenean [ekainak 27], 20:00etan.
Malas Compañias Zirku Taldeak kale anzterkia eskainiko du eguenean [ekainak 27], Berriatuan. Herriko plazan ariko dira zirkuko partaideak bizilagunak entretenitzen, baina euria eginez gero, frontoira lekualdatuko dute ikuskizuna.
Urtero-urtero bi ekitaldi indartsuk girotzen dituzte Berriatuko San Pedro jaiak, eta horietako bat kale antzerkia izaten da. Aurten, jai batzordeko kideek jakitera eman dutenez, Malas Compañias Zirku Taldea hirugarrenez izango da herrian, eta Prozak ikuskizun berria eskainiko du 20:00etan. Hala, 100 bat lagun hurbiltzea espero dute konpainiako kideek.
Gazte zein nagusi, denak barrez lehertuko dira herriko plazan, izan ere, antzezleek adierazi dutenez formatu handiko ikuskizun dibertigarria prestatu dute. Berriatua herri berezia dela aipatu nahi izan dute, jai giro ederra dutela eta, bertan, oso eroso sentizten direla.
Zirkua kalean. 2007. urtean jaio zen Malas Compañias Zirku Taldea, eta ordutik zazpi ikuskizun sortu dituzte. Azkena, Prozak, urte betez prestaketa lanetan aritu ostean apirilean estreinatutakoa. Gaur gaurkoz, bost kidek osatzen dute konpainia.