Mutrikuko Larangako auzotarrak kexu dira, obra zuzendariarekin batu ezinik dabiltzalako
GI-638 errepideko lanak direla eta, bi hilabetean batzartzeko hiru eskari bideratu dituzte, eta ez dute erantzunik jaso. Bilera auzoan bertan egitea nahi dute, arazoak bertatik bertara ezagutzeko.
Bi hilabetean hiru aldiz eskatu dute Larangako auzotarrek GI-638 lanen obra zuzendariarekin batzea, baina oraindik ez dute inolako erantzun ofizialik jaso. Dakiten apurra langileengandik dakite, eta lotsagarria iruditzen zaie hala jardutea.
Obra zuzendaria eurekin batzeko prest agertu zen lanak hasi baino arinago egin zuten batzarrean. «Apirilaren 26an bilera bat eduki genuen udaletxean, eta han, besteak beste, Agustin Lopez Doriga obren zuzendaria egon zen. Obra zuzendariak esan zigun prest zegoela gurekin edozein momentutan batzeko. Deitu genuen lehen bi aldietan teknikoak hartu zigun telefonoa, eta posta elektroniko bat bidali zigun esanez edozein gauza eskatu nahi izanez gero, zuzenean aldundian ofizialki sartzeko, erantzuna izango genuela eta».
Teknikoek eskatu modura, azken bilera eskakizuna aldundira igorri dute. Eskaera ekainaren 17an egin zuten Bide Azpiegituretako Departamenduan, eta bi egun beranduago jaso zuten erantzunaren arabera, eskaria erregistratuta geratu da. «Bertan dioenaren arabera, Bide Azpiegituren Proiektuetako eta Eraikuntzako Zerbitzura bidaliko dute eskaria, irizpena emateko. Erantzun horretan ere ez dute batzartzeko asmorik agertzen».
Bilera auzoan bertan egin nahi dute, dituzten arazoak bertatik bertara ezagutzeko. Besteak beste, seinaleztapena hobetzeko eskatu dute. Galbaixora doan bidean eta ermitatik beherako bidean seinaleak falta direla eta daudenak ez daudela ondo ipinita diote. «Ipinita dauden seinaleekin bertoko ostalaritza negozioetara ailegatzeko arazoak dituzte bezeroek». Arrainbideko irteeran, bi gune oso arriskutsu daudela ohartarazi dute, eta segurtasuna bermatzeko, ahalik eta arinen konpontzea eskatu dute.
Garbigunetik zabortegirako bidean, berriz, agindutakoa betetzea nahi dute, tarteak zabalduz: «Garbigunetik gora kamioak dabiltza, eta kontran datozen autoek arekan sartu behar dute, bestelakoan ez dira kabitzen». Galbaixo gainean, autobusentzako geraleku bat egokitzea ere eskatu dute.