Sei sariko uzta jaso du Ondarroako Institutuak
Sekula baino ikasturte oparoagoa izan dute Ondarroako Institutuan; kultura, zientzia, ekintzailetza eta literaturari lotutako sariketetan emaitza ezin hobeak eskuratu dituzte hainbat mailatan.
Ahaleginak ordainsaria izaten du; ondo egindako lanaik merezi izaten du. Asko da ikasten dena, eta ikasgai hori da benetan baliagarria. Eta batzuetan, saria ekartzen du ahalegin horrek.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarea saria, Kaixo Mundua lehiaketako sari nagusia, Bizkaiko Foru Aldundiaren Egin eta Ekin saria, Urruzuno Literatur lehiaketan poesia saria eta Coca Colaren narrazio saria irabazi dituzte Ondarroako Institutuko ikasleek. Era berean, Elhuyarrek antolatzen duen Zientzia Azokan ere saritu dituzte.
Pedro Badiola Larrinaga zentroko zuzendariak nabarmendu duenez, horrenbeste sari ez dituzte inoiz batera lortu. «Guretzat oso pozgarria da, dudarik barik. Sariak jasotzen direnean motibazioa ikaragarri hazten da, ikasle zein irakasleen aldetik. Sariak ez dituzte maila zehatz bateko ikasleek lortu, oso banatuta egon dira. DBH1ekoek izan ezik, gainontzeko guztiek lortu dute saria, eta datu hori, ikastetxe modura, oso aberasgarria iruditzen zaigu. Maila guztietan potentzial handiko ikasleak ditugula esan nahi du horrek».
Saririk garrantzitsuena Kultura Ondarea da. DBH3ko Urtza Agirre, Ane Eizagirre, Itziar Gandiaga, Uxue Laka eta Narea Urrestik Emakumeak arraunean bideoagaz lortu dute saria. Ondarroako Institutuak, gainera, sariketako aipamen berezia ere jaso du, bideo gehien igorri dituen ikastetxea izan delako.
2. Batxilergoko IKTko Ane Ares, Edurne Estandia, Ainhoa Iparragirre, Itziar Lizarzaburu eta Nahia Segadek egindako webguneak, berriz, kaixomundua.eus lehiaketako sari nagusia irabazi du.
DBHko ekintzailetzako Gari Zabala, Xabat Ortiz eta Iholdi Lete ikasleek Egin eta Ekin saria irabazi dute, Herri Bultz izeneko negozio planari esker. Herri Bultz banaketa zerbitzuaren ideia herritar askoren beharrak ikusita sortu da. Helburua herriko ekonomia bultzatzea eta herritarrei laguntzea izango da».
Literatura sortzen. Sariak ez dira hor amaitu. 1. Batxilergoko Anatomiako Izar Alkorta, Beñat Azkue, Naroa Badiola, Nahia Badiola, Itxaro Bilbao, Eneko Horrillo, Jennisse Marques, Laia Revuelta, Eneritz Solabarrieta eta Irune Ugartek Elhuyarrek urtero antolatzen duen Zientzia Azokan parte hartu zuten, ikerketa proiektuko modalitatean. Aukeratutako arazo bati erantzuna ematen dion ikerketa lan bat garatu behar zuten, eta euren lana Gaztetan bideojokoen gehiegizko erabilerak hdeldutasunean bestelako adiziorik sor zezakeen galderari erantzuna ematea izan zen. Naroa Badiola, Itxaro Bilbao, Eneko Horrillo eta Irune Ugarte Bizkaia Talent-eko profesionaltasunerako bekagaz saritu zituzten. «Beka lau urterako da, eta gaur egungo merkatuak behar dituen zeharkako trebetasunak garatuko dituzte bekari esker».
Literatura sarietan ere uzta ederra jaso dute institutuko ikasleek. Enara Gandarias Solabarrieta DBH2ko ikasleak Coca Colak deitzen duen narrazio saria irabazi du, eta Naia Badiola Solabarrieta Batxiler 1eko ikasleak, berriz, Urruzuno Literatur lehiaketaren poesia saria.