Otorduak auzotarren topagune izango dira
Gaur hasiko dituzte San Pedro jaiak Markina-Xemeingo Barinaga auzoan, eta bihar Ziortza-Bolibarko Artan. Bola eta txapel jaurtiketa lehiaketak izango dituzte batean, briska txapelketa bestean.
Barinaga eta Arta auzoetan San Pedro jaiak ospatuko dituzte asteburuan, eta bizilagunek ez aspertzeko moduko jarduerak izango dituzte.
Duela bost urte, belaunaldi gazteago batek hartu zuen Markina-Xemeingo Barinaga auzoko San Pedro jaiak antolatzeko ardura, eta arrakasta bermatzen dien formula egokia aurkitu dute: jarduera erakargarriak egoten dira aukeran, hala nola, bola txapelketa, txapel jaurtiketa txapelketa edota herri bazkaria.
Gaur arratsaldean ekingo diote jaiei Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko gaztetxoek jokatuko dituzten pilota partidekin: “Astebururo izaten dituzte partiduak esku pilota taldekoek herrian, baina sanpedroetan auzoko frontoira lekualdatzen dituzte, festagaz bat egiteko”, azaldu dute antolatzaileek.
Jarraian, bolatokia irekiko dute, bai gaur zein bihar jarduera gehienak hartuko dituen gunea. Bertan, taberna irekita egongo da nahi duenak edariak eta pintxoak eska ditzan.
IV. Barinagako Bola Txapelketa lehiatuko dute iluntzean: “Bola txapelketa aspaldi antolatzen zuten auzoan, baina pixkanaka-pixkanaka ohitura galtzen joan zen. Hala, antolakuntzan sartu ginenean, berreskuratu egin genuen, eta urtez urte indarra hartzen ari da berriz ere”.
Iaz, 50 bat pertsonek parte hartu zuten: “Nahiz eta, orokorrean, adineko pertsonek parte hartu, gazteak ere aurkezten dira”. Sariak ere izango dituzte lehen lau sailkatuek, eta ez edozelakoak: lehenengoak 80 euro eta Plaza anaiek emandako txapela; bigarrenak, 60 euro eta Santamañeko gazta bat; hirugarrenak, 40 euro eta Meabeko kopeta; eta laugarrenak, 20 euro eta ardo botila bat.
Bihar, aldiz, San Pedro egunean, eguerdiko mezaren ostean, txikiteoan murgilduko dira auzotarrak. Baina herri bazkaria izaten da eguneko ekitaldirik bereziena, txiki, gazte zein nagusiak batzeko aitzakia baita.
Aurretik, V. Txapel Jaurtiketa Txapelketa jokatuko dute: “Izugarrizko giroa sortzen da txapelketan, izan ere, herri bazkarira gerturatzen diren gehienek parte hartzen dute urtero” Barinaga auzoko gazte zein nagusiak elkartuko dira txapela nork urrunen jaurtiko lehiatzen, eta irabazleak opari sinboliko bat jasoko du. Datorren urteari begira, gainera, antolatzaileek indarra eman nahi diote txapelketari sari bereziak emanez.
Arratsaldean, umeek jolasak eta puzgarriak izango dituzte ondo pasatzeko, baina ekitaldi nagusia probalekuan egingo dute. Izan ere, idi probak egingo dituzte. Aurten, Orioko Iñaki Olidenek, Laudioko Galder Bolañok eta Laukizko Unai Elorrietak parte hartuko dute. Denei ere diru kopuru bera emango diete antolatzaileek, 600 euro, eta irabazleak idientzako mantak jasoko ditu oparitan.
Karta jokoa. Ziortza-Bolibarko Arta auzoan, beste alde batetik, ia hamarkada bat daramate briska txapelketa antolatzen. Karta jokoan hasiko dituzte bihar bizilagunek San Pedro jaiak. Lehenengo lau sailkatuei sari ekonomikoa emango diete: lehenengoari 100 euro, bigarrenari 80 euro, hirugarrenak 60 euro jasoko ditu, eta laugarrenak, 40 euro. Horrez gain, lehen biek “bertako produktuen sorta bat” ere izango dute opari.
Gauean, urtero bezala, auzo afaria egingo dute San Pedro ermitan: “Auzotarrak elkartzen garen eguna izanik, denon arteko tertulia egiteko ere aprobetxatzen dugu afaria. 30 pertsona inguru batzen gara urtero, eta aurten ere hala espero dugu”.
Domeka goizean meza izango dute auzotarrek, eta eguerdian, Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldekoak ariko dira euskal dantzen emanaldia egiten. Ondoren, Mikel Mendizabal eta Aitor Mendiluze bertsolariek bertso saioa eskainiko dute. Bertsoez gain, musikak ere edukiko du tokia: “Laja eta Lutxurdio trikitilariek auzoa alaituko dute egun guztian, eta bitartean, pintxoak eta edariak izango ditugu denontzat”.
Gaztetxoenek, gainera, gune berezi bat edukiko dute jolasteko. 18:30etik aurrera izango dute aukera.