Amoroto goi-goitik ospatzen ari da San Martin jaiak
Herriko jai nagusiek eguaztenean [uztailak 3] eztanda egin ostean, gaur [uztailak 4] ospatu dute jaietako egun handia amorotarrek. Hemen argazki galeria, bideoa eta jaietako egitarau orokorra!
Ospakizunak, ohi modura, Txan Txun Txun pertsonaiaren etorreragaz hasi zituzten ofizialki. Jaietako pertsonaia maitatuari ongietorria emateko jende asko batu zen eguazten [uztailak 3] iluntzean plazan.
Salbea amaitu ondoren irten zuen Txan Txun Txunek udaletxeko balkoira, jaietako mailot horia soinean zeraman Lander Arriagak lagunduta. Ohitura den modura, eskuan zuen edalontzia garagardoagaz bete zioten panpinari, eta Arriagak bere edalontzia ere garagardoagaz bete ostean, topa egin, eta Txan Txun Txunek jaietan ondo pasatzeko mezua bota zien bertaratuei. Arriagak, «Gora San Martin!» esanez piztu zuen txupina.
Txan Txun Txunek pregoian azaldu zuenez, aurten jaiak berritasun eta guzti datoz. Hain zuzen ere, datorren urteko txupin jaurtitzailea nor izango den bozkatzeko aukera izango dute herritarrek. Hautagaitzak, zapatuan [uztailak 6] txosnan ipiniko duten hautetsontzian aurkeztu ahal izango dira, eta botorik gehien jasotzen duena izango da datorren urtean txupina jaurtitzeko ardura edukiko duena. Domekan [uztailak 7] emango dute jakitera aukeratuaren izena, agurrean.