Umeentzako triatloia egingo dute zapatuan Mutrikun
Proba LH 3tik 6ra bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago, eta bi txandatan banatuta egingo da. Adinaren araberako ibilbidea antolatu dute. Parte hartu nahi dutenek aurretik emango beharko dute izena.
Proba LH 3tik 6ra bitarteko gaztetxoentzat zuzenduta dago. Proba 11:00etan hasiko bada ere, 10:30ean ipini dute hitzordua, kantina ondoko zabalgunean. Proban parte hartu nahi dutenek, bainujantzia, bizikleta (edozein motatakoa izan daiteke) eta kaskoa, kirol arropa eta zapatillak eraman beharko dituzte.
Mutrikuko Talaixa Triatloi Klubeko kideek azaldu dutenez, proba bi txandatan banatuta egingo dute. Lehenengo txandan LH 3 eta 4koek parte hartuko dute, eta bigarrengoan, berriz, LH 5 eta 6koek. Adin tarte bakoitzari egokitutako ibilbidea osatu dute. Lehen txandakoek 100 metro igeri egin beharko dute igerileku zaharrean, 1.000 metro bizikletan hondartzatik dike berrirako tartean eta 125 metro lasterka egin beharko dituzte hondartzatik kantina parean ipiniko duten helmugara. Bigarren txandakoek, aldiz, distantzia bikoitza osatu beharko dute.
Talaixakoek nabarmendu dutenez, probarekin kirolzaletasuna sustatu nahi dute, lehiakortasuna alde batera lagata. “Gaztetxoek nagusien moduko proba bat egiteko aukera edukiko dute, beti ere, euren adinera egokituta. Hori bai, garrantzitsuena parte hartzea izango da, horregatik, denok batera egingo dugu triatloia. Igeriko azkena ailegatu arte ez gara bizikletako zatiarekin hasiko, eta bizikletako azkena ailegatzen denean hasiko gara saltaka”. Bide beretik, ez dute sari banaketa berezirik egingo. “Denek jasoko dute oparia”.
Parte hartzea doakoa da, baina izena aldez aurretik eman beharko da. Interesa dutenek mutrikukoeskolakirola@hotmail.com edo gtf@triatloi.org posta elektronikoetara idatzi beharko dute barikua [uztailak 5] baino lehen, izena-abizenak, jaiotze data, ikastetxea eta maila adierazita.