Bizkaiko Herriarteko Esku Pilota Txapelketak 50 urte bete ditu
Bizkaiko Herriarteko Txapelketak adin guztietako pilotariak biltzen ditu. Kirolarekiko pasioa zabaltzeko modu aproposa da 50 urte bete dituen txapelketa.
Euskal kirolen artean, esku pilota da, beharbada, ume, gaztetxo zein nagusien artean ospe eta zaletasun handiena lortu izan duena. Urteak igaro ahala, frontoian batzea ezinbesteko hitzordua izan da askorentzat, jokatzen aritzeko zein partiduek eskaintzen duten ikuskizunaz gozatzeko.
Orain 50 urte zaletasun hori bultzatu beharra ikusi zuten Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzako Antonio del Riok eta Anton Lasok. Bilbon esku pilota txapelketa bat ikusten zeudela, lehiaketaren antolatzaile Koldo de Alzibarrekin bildu ziren, eta bestelako txapelketaren bat sortzea erabaki zuten.
Hain zuzen ere, federazioak behin eta berriz egiten zituen txapelketengatik urrundu nahi zuten, “kirol lehiakortasun osasuntsua” sustatzeko eta bultzatzeko helburuagaz. Hori, gainera, Bizkaiko herrien artean lortu nahi zuten. Helburu horregaz jaio zen 1970ean Bizkaiko Herriarteko Esku Pilota Txapelketa.
Aurten mende erdi bete dituen txapelketa herri desberdinetako bizilagunak lehiaketaren partaide izatea lortzen joan da. Bertan hiru kategoria desberdinetan jokatzen dute pilotariek: kadete mailan 14 eta 15 urte bitarteko pilotariek parte hartzen dute. Gazte mailan 16 eta 17 urte dituztenek, eta azkenik, nagusien mailan 18 urtetik gorako pilotariek parte hartu ahal dute.
Omenaldia. 50 urteko lehia horretan hainbat herritako pilotariek jantzi dute txapela. Horren urtebetetze berezia izanik, txapelketaren antolatzaileek ibilbide horretan eduki dituzten udalerri txapeldun guztiak omendu nahi izan dituzte. Ekainaren amaieran lehiatu zituzten aurtengo txapelketaren finalak Zeanurin, eta hitzordu hori aprobetxatu zuten omenaldi ekitaldia egiteko.
Besteren artean, Markina-Xemein eta Gernika-Lumoren ibilbidea nabarmendu zuten; sei txapelketa irabazi dituzte markina-xemeindarrek (aurton 4. postuan geratu dira), eta bost gernikarrek. 50 urte hauetan Markina-Xemein eta Ermua dira garaipen gehien lortu dituztenak, eta Gernika-Lumo hirugarren postuan dago.
Txapelketa horrek ez du pilotari bakar baten edo bikote baten lehiakortasuna bultzatzen. Herriarteko txapelketan aurrera egin ahal izateko hiru kategorietako kideen garaipena beharrezkoa da. Funtzionatzeko modu horrek beste kutsu bat ematen dio lehiari, pilotaz gozatzea eta ondo pasatzea beste guztiaren aurretik jartzen baita.
Hori da pilota bizirik mantentzeko jarraitu beharreko bidea Jesus Madariaga Gernikako Arkupe Pilota Taldeko ohorezko presidentearentzat. Gazteen artean pilotarekiko zaletasuna berpiztea beharrezkoa dela deritzo Madariagak. Hori lortzeko, udalerrietako frontoiei bizitza ematea ezinbestekoa dela dio.
Busturialdeko kasua nabarmendu du: dozena bat frontoi izan arren, ume eta gaztetxoak partiduak kanpora jokatzen joaten dira, baina hori egin aurretik, etxean jokatu behar dela uste du: “Lehenik portalean, gero kalean eta azkenik herrian jokatu eta irabazi beharra dago kanpora jokatzera joan aurretik”.
Gernikakoek ez dute Herriartekoa jokatu azken bi urteetan. Ezinbestekoa da hiru mailetako pilotariak edukitzea, eta nagusien artean zerrenda luzea badaukate ere, gazteen faltan daude gernikarrak. Hala eta guztiz ere, etorkizunera begira ilusioz dago Arkupeko ohorezko presidentea. Harrobi indartsua dutela dio, baina hori bizirik mantentzeko gogor lan egin behar dela aldarrikatu du.
Markina-Xemeingoek beste egoera bat bizi dute. Peio Urionabarrenetxeak gidatutako taldea indartsu dago. Irabazi dituzten txapelak 2008, 2010, 2012, 2015, 2016 eta 2018 urteetakoak dira; horrek agerian uzten du herrian pilotak daukan bizitasuna, eta markina-xemeindarrak harro daude horregatik. “Urte baten heldu zaitezke, baina beti behar duzu errelebo hori atzetik jarraitu ahal izateko. Izugarrizko taldea eduki izan dugu azken urteetan”.
Etorkizunerako ilusioz. Etorkizunera begira, “herrian joera ona” dagoela azpimarratu du entrenatzaileak. Irabaztea beti “gaitza” dela dio, baina etorkizunera begira emaitza onak lortzen jarraitzeko ilusioa mantentzen du.
Gazteenak presiopean aritzen direla ere nabarmentzen du Urionabarrenetxeak. “Txapelketa hau hasten denean jendeak beti jartzen du arreta gehiago. Komunikabideetan agertzen hasten dira, umetatik lehiaketa askotan parte hartzen duten arren, horren prestigio handia duen lehen txapelketa izaten da Herriartekoa beraientzat”.
Dena dela, Herriartekoak agerian uzten du pilotarekiko pasioa zabaltzeko era ezin hobea dela. Gazte zein nagusiak elkarlanean zaletasun bera partekatzen aritzea da horren emaitza.