Markina-Xemeingo Midesa enpresak langile bat kaleratu duela salatu du LABek
LAB sindikatuko ordezkariek jakitera eman dutenez, enpresak langile bat kaleratu du, metalgintzako grebaren baitako protestetan parte hartzeagatik.
LAB sindikatuak deituta, Markina-Xemeingo Kareaga industrialgunean dagoen Midesa enpresa aurrean gaur [uztailak 12] protesta egin dute. Midesan esplotaziorik ez, Midesan kaleratzerik ez eta antzeko leloak ozen entzun dira, protestan batu direnek Enpresa esplotatzaileak kanpora leloa zeraman pankarta eusten zuten bitartean.
Sindikatuko ordezkariek jakitera eman dutenez, enpresak langile bat kaleratu du, metalgintzako grebaren baitako protestetan parte hartzeagatik. “Eskualde mailan, guk dakigunez, grebak eragindako lehen kaleratzea da. Egoera hau lehengotik ozen eta argi salatu nahi dugu. Norbere eskubideen erabilpena egiteagatik beste inor kaleratzea ez dugu onartuko”.
Era berean, metalgintzako grebaren baitan Midesa enpresak langileekiko eduki duen jarrera ere salatu nahi izan dute. “Protestetan parte hartu nahi duena kaleratu egingo dutela mehatxatu dute”. Gogorarazi dutenez, orain Midesa izan den moduan, hurrengo batean beste enpresa batean ere gauza bera gerta liteke. “Gaur Midesa da, baina argi esan nahi dugu eskualde honetan ez dugula utziko greba eskubidea zapaltzen. Edozein grebetan gu langile eta sindikatu modura hemen egongo gara bermatzeko greba eskubide hori”.
Metalgintzan egiten ari diren grebari dagokionez, egoerak blokeatuta jarraitzen duela nabarmendu dute. “Patronala uztailean deitzeko geratu zen, baina oraindik ez du deitu. Patronalak ateak itxita jarraitzen du, eta hori ikusita, ez dutela deituko uste dugu. Horrek erakusten digu patronalak zenbaterainoko gogoa duen akordio bat lortzeko. Sindikatuok prestutasun guztia erakusten dugu nahi dutenean batzeko”.
Metalgintzako langileak oso haserre daudela diote. Izan ere, 2003tik ez da lortu eragin orokorreko hitzamenik. “Guri gusta edo ez gusta, greba batek tentsioa sortzen du. Midesa moduko enpresetan jendea kalera botatzen dute, bere eskubidea aldarrikatzearren. Greba egin dutelako sekulako tentsioa dago enpresa barruan, ordezkaritza sindikalik ez dago barruan. Inor ez da ausartzen aurpegia ematen kalera bidaltzeko mehatxupean daudelako. Eta grebetan parte hartu duen bakarra kaleratu egin dute”.