Aitor Olea Juaristi organo jotzaile ospetsua Lekeitiora bueltatu da
Andra Mariren Zeruratzea Basilikan eman du organu kontzertua. 1988tik 2008ra bitartean bertako organo jotzailea izan zen, eta gaur, 1854. urteko Cavaille-Coll organoaren doinuz bete du berriz ere basilika. Jon Rekarteri eskaini dio kontzertua.
Andra Mariren Zeruratzea Basilikan zentzumenak gozatzeko kontzertua eskaini du gaur goizean [uztailak 13, zapatua] Aitor Olea Juaristi organo jotzaile entzutetsuak. Lekeitio Bihotzetik taldeko lagunak ondoan, emanaldi intimo bezain ederra eskaini du. Berezia eta eskaintzaduna.
Lehenengo organo diskoa grabatu zion lagunari, Jon Rekarteri eskaini dio kontzertua. “Oso gogoan dut Jon. Berak grabatu zidan lehen disko hura, proiektu batean sinistuta, Euskal Herriko organoetan… Eta zergatik hasi ginen Lekeition? Ez bakarrik ni orduan hemen nengoelako, baizik eta organo honek iraultza handia sortu zuelako ez bakarrik Euskal Herriko organoetan, baizik eta penintsula osoko organoetan. Jonek grabatu zidan hemengo organoaren lehen diskoa, eta niretzat izan zen ‘zotin’ bat. Bere omenez doa bada gaurkoa”. Haren emaztea ere entzuleen artean egon da, guztiz hunkituta. Kepa Agirre eta Benito Ansola abadeak eta Jose Ramon Arteta musikaria eta ondoan izan ditu.
Juan Sebastian Bach-en Partita eta Toccata y Fuga piezekin hasi du kontzertua Oleak. Eta Jesus Guridiren Fuga eta Ala baita eta Charles-Marie Widor-en Scherzo eta Toccata etorri dira ondoren. Ez da, baina, musika emanaldi hutsa izan durangarrak eskaini duena. Lekeitioko organoari buruzko azalpenak eman ditu pieza bat amaitu eta hurrengoa hasi bitartean. Izan ere, Andra Mariren Zeruratzea Basilikan dagoen organoa iraultzailea izan zen. 1854an egin zuen Aristides Cavaille-Coll firmak, eta Euskal Herrian ezeze, Espainiako estatuan egon zen mota horretako lehen organoa izan zen. 1853ko abuztuaren 23an, Aristides Cavaille-Collek Lekeitioko basilikara bidali zuen proiektua. Organoa egin ostean, Parisen erabili zuten lehenengoz, eta Lekeitiora eroan zuten ostean.
Ikasketak eta sariak. Aitor Olea Juaristi Durangon jaio zen. Musika ikasketak Arrasaten eta Donostian egin zituen. 1995ean, pianoko goi mailako titulua lortu zuen Bilboko J.C. Arriaga Kontserbatorioan ikasle libre modura. 1991 eta 1997 artean, organo ikasketak egin zituen Baionan, eta Urrezko Sari berezia eman zioten Marie Bernadette Carrauk ematen zituen eskoletan. 2001ean, organo ikasketak konbalidatu zituen Gasteizko J. Guridi Kontserbatorioan, Jose Ignazio Sanz irakaslearen zuzendaritzapean. Ohorezko Aipamena eta Goi Mailako titulua lortu zituen. 1988tik 2008ra bitartean, Lekeitioko Andra Mariren Zeruratzea Basilikako organo jotzailea izan zen. Era berean, Lea-Artibaiko Nazioarteko Organo Jaialdiaren sortzaile izan zen. Gaur egun, Bergarako Pedro Deunaren Elizak duen organo jotzaile titularra da (1889, Stoltz-Freres), eta Gasteizko J. Guridi Kontserbatorioan errepertorioko piano jotzailea.
Besteak beste, kontzertuak eman ditu Euskal Herrian, Espainian, Frantzian, Belgikan, Alemanian, Irlandan, Italian, Ingalaterran eta Finlandian.