Inhar Urruzuno, bigarren Euskal Herriko harri txikien txapelketan
Harrijasotzaile ondarrutarrak Mikel Lopetegi 'Urra'-ren atzetik amaitu ditu lanak. Urrak baino 9 jasoaldi gutxiago egin ditu. Aitortu duenez, txapelketa oso gogorra izan da.

Euskal Herriko harri txikien txapeleta-Harrijasotzaileen XIV. Txintxarri saria domekan [uztailak 14] jokatu zuten, Alegiako Larraitz auzoko plazan. Harrijasotzaile ondarrutarrak Mikel Lopetegi Urra irabazlearen atzetik amaitu zituen lanak, eta bigarren postuagaz gustura geratu dela azpimarratu du. Podiuma Aimar Irigoienek osatu zuen.
Txapela lortzeko lehian zazpi harrijasotzailek parte hartu zuten, eta ondarrutarra txapelketa irabazteko faboritoetako bat zen Urragaz eta Irigoienegaz batera. “Aurreikuspenak bete egin ziren, eta gu hiruron artean geratu zen txapela”.
Lanei dagokienez, parte hartzaile bakoitzak hiru minutuko lanak egin behar izan zituen 125 kiloko laukizuzenagaz, 125 kiloko kopagaz, 112,5 kiloko kubikoagaz eta 100 kiloko bolagaz. Urrak 113 jasoaldi egin zituen, 13.337,5 kilo jasoaz. Zehazki, 33 aldiz altxa zuen harri laukizuzena, 35 aldiz kopa, 19 bider kubikoa eta 26tan bola. Urruzunok, berriz, bederatzi altxaldi gutxiago egin zituen; 104 denetara (12.112,5 kilo). Laukizuzena 29 aldiz jaso zuen, zilindrikoa 30 aldiz, kubikoa 19 aldiz eta bola 26 aldiz. Irigoienek 100 jasoaldi egin zituen (11.662,5 kilo).
Urruzunok aitortu duenez, txapelketa oso gogorra izan zen. “Lehenengo harriagaz akats handi bat egin nuen, eta horrek nahikoa baldintzatu zidan txapelketa. 30 jasoaldian ez dakit zer gertatu zitzaidan, baina baliogabea izan zen. Urrak 33 jasoaldi egin zituela ikusita, nire helburua 31 egitea zen, baina baliogabea egin ostean, 29an geratu nintzen. Irigoienek nire atzetik egin zituen lanak, eta hark ere lehen harriagaz 33 altxaldi egin zituela ikusita, lan txukuna eginda 3. postua lortzea espero nuen”.
Bigarren harrian, aldiz, Irigoien “hustu” egin zela azpimarratu du Urruzunok, eta aukera horretaz baliatuta bigarren postua lortzeko aukera gehiago zituela ikusi zuen. “Urrak sekulako lana egin zuen, gu baino maila bat gorago ibili zen, eta ondo eutsi zion lehen bi harriekin lortutako abantailari. Irigoienek bigarren harriagaz kale egin zuela ikusita 2. postuaren bila jarraitu nuen”.

Inhar Urruzuno kopagaz lanean. Argazkia: Irati Urdalleta/Tolosaldeko Ataria