Ondarroako 'Tonino Segundo' ontziko arduradunei ezarritako zigorra garrantzitsua dela nabarmendu du Eguzkik
Eguzkik azaldu duenez, arrantzontziko arduradunei ezarritako zigorra "oso arina" da. Hala ere, epai garrantzitsua dela nabarmendu dute, nahiz eta ingurumenaren aurkako delituak "merke" atera.
Gernika-Lumoko epaitegiak Ondarroako portuan izena emanda dagoen Tonino Segundo arrantzontziko armadorea eta patroia zigortu ditu ingurumenaren aurkako delitua egiteagatik, eta epaiketa sustatu duen Eguzkiren nabarmendu duenez, sententzia garrantzitsua da. Hori bai, euren iritziz, ingurumenaren aurkako delituak “merke” ateratzen dira.
Agertu dutenez, zaila da antzeko delituak frogatzea, eta, frogatzen direnean ere, zigorrak ez dira oso larriak izaten. “Kasu honetan, isunari dagokionez, behintzat, oso zigor arina da: guztira, 1.200 euro, edo, beste modu batean esanda, 60 euro legez kanpo harrapatutako marrazo bakoitzeko. Ez dirudi horrelako zigor merkeak disuasorioak direnik. Hala ere, epai garrantzitsua da, ezbairik barik”.
Epaiak Tonino Segundo ontziko armadorea eta patroia zigortu ditu legez babestutako marrazo espezie bat “zuhurtziagabetasun larriz” arrantzatu eta saltzen saiatu zirelako. Zehatz esanda, 20 marrazo muturmotz (Lamna nasus) zeramatzatela harrapatu zituzten ontziko marinelak. Zigortu bakoitza 600 euroko isuna ordaintzera zigortu du epaiak, eta hiru hilabete eta hamar eguneko gaitasungabetzea ezarri die arrantzan egiteko. Zehatz esanda, eguneko 6 euroko isuna ordaindu beharko dute, gaitasungabetuta dauden egun bakoitzeko.
GERTAEREN KRONOLOGIA. 2018ko apirilaren 23an Espainiako Arrantza Ikuskaritza Zerbitzuak Tonino Segundo ontziko marinelei 20 marrazo muturmotz bahitu zizkieten. “Legez kontra arrantzatutako marrazoak Ondarroako portuan deskargatzeko eta saltzeko asmoa zuten, kaelekin nahastuta. Arrantza Ikuskaritzak, legez kanpo arrantzatutako marrazoak bahitzeaz gain, Tonino Segundo-ri zigor espedientea ere zabaldu zion, 4.872 kilo kaela deklaratu zituelako, 6.320 kilo eraman arren”.
Espainiako Arrantza Ikuskaritzak bahiketa egin baino hilabete batzuk lehenago, berriz, 2017ko irailean, Ondarroako portuan ateratako hainbat argazki sareratu zituzten. Argazki haietan marrazo asko hilik eta pilatuta ikus zitezkeen. “Irudi haiek hautsak harrotu zituzten, eta haien inguruan oso informazio larriak zabaldu ziren”. Azaroan, berriz, Ertzaintzak jakinarazi zuen Eguzkiren salaketa abiapuntutzat hartuta, hainbat pertsona ikertzen ari zela ustez ingurumenaren kontrako delitua egiteagatik. “Honen guztiaren ondorioa da orain ezagutu dugun epaia”.