Bero-bero iritsi da Malen Eguna Mutrikura
Malen Eguna goi-goitik ospatu dute gaur [uztailak 22] mutrikuarrek. Urtero egin modura, bandaren dianak eman dio hasiera jaietako egun handiari, eta era horretan jarraitu du jaietako egun nagusiak ondorengo orduetan ere, musikak lagunduta.
Adin guztietara zuzendutako ekintzekin etorri da gaurko eguna. EgaƱaneko frontoian, esate baterako, haur parkea ipini dute, eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoak pozik ibili dira han ipinitako puzgarrietan, partxis erraldoian edo surf taula mekaniko gainera igota jolasean. Frontoira hurreratu direnek goiz eta arratsalde pasa ederra igarotzeko aukera izan dute.
Mutrikuko Musika Bandaren Malen Eguneko kontzertu berezia ere arrakastatsua izan da. Bero asko ari zuenez, ikusleek itzalpean ikusi dute kontzertua, eguzkitik ihesean. Josean Pascualen zuzendaritzapean errepertorio ederra eskaini dute Goiko Plazako agertokitik. Tercio de quites piezarekin hasi dute kontzertua, eta jarraian, Ballet parisien, Jaialdia, Boleros en concierto eta Elvis Presley ezagunaren kanturik onenenen aukeraketa batzen duen Elvis selection selection jo dituzte, hurrenez hurren. Eta ohikoa den modura, gainerako kanturen bat edo beste ere jo dute plazan batutakoen gozamenerako. Gaurkoan, Mutriku herria eta Cielo azul interpretatu dituzte.
Jaietako lehen sokamuturrak ere jende asko batu du arratsaldean. Lasturko Markes de Saka ganadutegiko zezen eta behiek emozioa ipini diote jaietako lehen sokamuturrari. Bertan parte hartzera ausartu direnek gozatu ederra hartzeko aukera izan dute animalien aurrean saltaka. 19:15ean amaitu da sokamuturra, eta handik gutxira herri kirolen txanda ailegatu da. Eguneko proposamenak su artifizialekin eta kontzuerkin amaituko dituzte.