'Emakumeak eta Euskal Pilota' erakusketa inauguratuko dute Simon Bolivar Museoan
Bizkaiko Foru Aldundiaren Ibiltaria programaren parte da erakusketa, eta hiru atalek osatuko dute: Sakea, Tanto kopurua eta Kantxa. Erakusketa urriaren 27ra arte egongo da ikusgai.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, Emakumea eta Euskal Pilota erakusketa inauguratuko dute eguaztenean [uztailak 24] Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoan. Simon Bolivarren jaiotegunaren harira antolatu dute erakusketa, eta urriaren 27ra arte egongo da ikusgai.
Ibiltariak programaren parte izanik, Bizkaiko Foru Aldundiak Ziortza-Bolibarren inauguratuko du bihar erakusketa, eta ostean Emakumea eta euskal pilota: iragana eta orainaldia izeneko hitzaldia eskainiko dute Arantza Pereda erakusketaren komisarioak eta Leire Etxaniz esku pilota Master Cup-aren 2019ko irabazleak, 12:00etan. Biek hala biek Antoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia izango dute aldamenean. Izan ere, berak emango dio hasiera erakusketari.
Pilota mundu osoan, eta modalitate askotan, jokatu bada ere, “Euskal Herrian hartu du nabarmentasunik handiena”. Erakusketaren antolatzaileek aditzera eman dutenez, “jatorritik kirol hau gizonekin lotuta egon da, hala ere, emakumeek ere parte hartu izan dute”. Horren jakitun, emakumeek kirolean izan duten parte hartzea ikustarazi nahi dute erakusketan. Erraketa modalitatean espezializatu ziren asko, eta horretan lortu zituzten lorpenik handienak. “Erraketista haiek izan ziren kirol modalitate honetako lehen profesionalak”.
Erakusketa bera Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan egon zen 2012an ikusgai, baina urte hartan ikusgai zeuden bost ataletako hiru baino ez dituzte eskainiko Simon Bolivar Museoan: Sakea, Tanto kopurua eta Kantxa.
Pilota modalitateak. Sakea izenezko lehen atalean Mercedes de Miguel diseinatzailearen partaidetza izango dute. “Bere erara erraketisten janzkeraren bilakaera kronologikoa aurkeztuko du”. Erraketa jokoak 60 urte baino gehiago iraun zuen Espainian eta Ameriketan (1917-1980). Ildefonso Anabitarte (1879-1937) izan zen Ozeano Atlantikoaz bestalde modalitate honi arrakasta eta zabalkundea eman zizkiona. Zesta-punta jokalari ospetsua izan zen eta pilotalekurik garrantzitsuenen enpresaburua, XX. mendearen lehenengo erdian.
Aurrerakuntza garrantzitsuen buru izan zen pilotalekuetan eta erraketa jokoaren tresnetan: Tenis-pilotaren ordez larruzkoak erabiltzera bultzatu zituen jokalariak, esku pilotako ohiko pilotak baino txikiagoak (50 eta 70 gramo artekoak). Gainera, erraketa sendoagoak hasi ziren erabiltzen, eta emakumeek gona luzeagoak janzten zituzten. 40. hamarkadan, Moscardo jeneralaren aginduz, orkatiletaraino luzatu behar izan zituzten, baina 50. hamarkadan belaunetaraino igo zituzten. “Harrezkeroztik pixkanaka-pixkanaka moztuz joan ziren, jokoa arinagoa eta dinamikoagoa izan zedin”.
Tanto kopurua izeneko bigarren atalean, emakume erraketistak ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Pilotalekuetako kudeatzaileak pilotari onenak biltzen hasi ziren “euskal pilotan tradiziorik handiena zuten herrietan”: Eugenia Iriondo ‘Eibarresa’ edo ‘La Bolche’, Maria Antonia uzcundu ‘Txikita de Anoeta’, Agustina Otaola, Elaida Altuna ‘Irura’, Maria Luisa Alberdi, Maria Carmen Lasagabaster ‘Amaia’, Gloria Agirre ‘Txikita de Aizarna’, Lucia Areitoaurtenea, Beraza ahizpak (Julita, Mari eta Milagros), Conchita Bustindui, Olga Cazalis, Maria Luisa Senar, Rosa Soroa, Miren Uzkundum ‘Asteasu’, Justina Arenaza ‘Vasquita I’ eta bere ahizpa Maria ‘Vasquita II’.
Hirugarren atalean, aldiz, erraketistentzako moldatutako pilotalekuak ezagutuko dituzte erakusketara hurbiltzen direnek. Jokalekuak 30 metro inguru zituzten, “joko azkarragoa eta ikusgarriagoa izan zedin”. Lehen pilotalekua Madrilen zabaldu zuten 1917an, Cedaceros kalean, eta ostean Bartzelonan. Euskal Herrian Bilboko Euzke-Jai eta Donostiako Grosen bakarrik joaktu zuten erraketan. Ameriketan, aldiz, Kubako La Habana-Madrilen edota Mexikoko Metropolitanon.