Mutrikuko Malen Txiki Eguna, umeen gozagarri
Jai giroan murgilduta jarraitzen dute mutrikuarrek. Malen jaiak erdialdera ailegatuta, gaurkoan [uztailak 23] Malen Txiki edo Elkartasun Eguna ospatu dute. Hain zuzen ere, umeak eta gaztetxoak izan dira jaietako hirugarren eguneko protagonista nagusiak, euren neurrira egindako jaiarekin.
Ohitura den modura, musika eta dantzaz beteta hasi dute eguna. Erraldoien eta Buruhandien Konpartsaren eta txistularien kalejirak alaitu ditu eguerdiko lehen orduak. Goiko Plazatik Beheko Plazara kalejiran jaitsi dira, eta asko eta asko izan dira txistularien doinuari lagundu dioten herritarrak ere. Beheko Plazan, Gure Ametsa dantza taldeko gazteenak gehitu zaizkie. Goiko Plazara kalejira denek batera egin dute, eta ondoren, dantzariek euren dantza saioarekin jarraitu dute.
Eguerdian eguzkiak oso gogor jotzen zuela eta (35 gradutik gora zeuden eguzkitan), dantza saioa moldatu egin behar izan dute, tokia bera ere aldatuz. “Zabiel Plazan bero gehiegi egiten du, eta dantzan ez daudenak eta txistulariak eguzkitik babesteko tokirik ez dagoenez, Beheko Plazan egingo dugu dantzan”, adierazi dute dantza taldeko arduradunek. Goiko Plazatik hasi dute kalejira, eta lehen geldialdia Erdiko Kalean egin dute. Hurrengo dantzak Beheko Plazan eskaini dituzte.
Bazkalaurretik jaietako beste klasiko batekin gozatzeko aukera izan dute herriko gazteenek. Goiko Plaza, minutu gutxian, zezen plaza txikia bihurtu da, eta gaztetxoak pozarren ibili dira euren neurrira moldatutako sokamutur txikian. Zezen txikien txanda amaituta, haurrak pottoka gainean ibili dira Goiko Plazari bueltaka. Egunak beste hainbat ekintza ere ekarri ditu. Beheko Plazako arkupean Kalera, Kalera bazkari herrikoian 60 bat lagun batu dira, eta bapo bazkaldu ostean, Andoni Oilokiegi bakarlariaren doinuek alaitu dituzte hurrengo orduak.
Arratsaldean II. Madalen Txapelketak finalak jokatu dituzte Miruaitzen, eta, aldi berean, Egun on! Sikiera zirku ikuskizunean parte hartzeko aukera ere egon da. 20:00etan aurreikusita zegoen umeen danborrada, berriz, bertan behera geratu da, euri jasa eta ekaitzagatik. Antolatzaileek Santixo Egunera [uztailak 20] atzeratzea erabaki dute. Danborrada 20:00etan hasiko da, ohiko lekutik.