Ondarroako Udalak aurrekontua onartu du, "oinarrizko zerbitzuak mantenduz"
Iazkoa baino 2 milioi euro pasatxo gehiagoko aurrekontua onartu dute, gehiengo osoz. Ibaiondoko aparkalekuak esleituta lortuko den diru sarreren ia erdia (900.000) inbertitsioak egiteko erabiliko dutela esan dute.
Ondarroako Udalaren 2019 aurrekontua 12.423.856 eurokoa izango da, iazkoa baino 2.294.722,08 euro gehiago. Udalak azpimarratu duenez, oinarrizko zerbitzuak mantenduz eta proiektu zehatzetan pentsatuz onartu dute aurrekontua.
Eguaztenean [uztailak 24] onartu zuten aurrekontua, Kofradia Zaharrean egindako ohiko osoko bilkuran, gehiengo osoagaz. Aurrekontu proposamenak ez zuen aurkako bozkarik jaso; EH Bilduko zazpi zinegotziek aldeko botoa eman zuten, eta EAJko sei zinegotziak, ostera, abstenitu egin zen, «informazioa berandu jaso dutela eta aurrekontua bere osotasunean aztertzerik eduki ez dutela» argudiatuta.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak nabarmendu duenez, lehen kontua zerbitzuak mantentzea izan da. «Guretzat lehentasuna daukate herritarrentzat hain garrantzitsuak diren zerbitzuek, Herri Busak esaterako. Ongizatea funtsezkoa da». Gaineratu duenez, adinekoentzako zerbitzuei eta gazteentzako proiektuei jarrraipena emateari ere garrantzi handia ematen diote. «Hainbat hobekuntza egin nahi ditugu Artibai Egoitzan, egoiliarren bizi kalitatea areagotzeko». Alkateak esan duenez, egoitza gaur egungo egoiliarren beharrizanetara egokitzeko proiektua jarriko dute martxan. «Orain dauden egoiliarrek lehengoak baino dependentzia maila altuagoa daukate, beraz, egoitza ere euren beharrizanetara egokitu behar dugu. Antiguako Ama ere oinarrizkoa da herriko helduentzat, eta hango aurrekontua ere mantendu egingo dugu». Hala, lehen mailako gizarte laguntzan ia 50.000 eurotan gehitu dute aurrekontua, 86.531,62 eurokoa izatetik 132.843,01 eurora pasa dute.
Alkateak etorkizuneko Ondarroa berdintasunean eta errespetuan eraikitzeko gazteekin egin beharreko lana ere azpimarratu du. Eta horretarako Etxelila, Gaztelekua, hezkidetza egitasmoa, ludoteka, euskara… funtsezkoak direla gogorarazi du.
1994tik berritu barik. Udal langileei dagokienez, Eneritz Basurko Pagoaga zinegotziak esan duenez 1994tik berritu barik zegoen udaleko langileen balorazio prozesua aurten amaitu dute, eta, ondorioz, horra bideratutako partida gehitu behar izan dute. Iaz baino 250.000 euro pasatxo gehiago bideratu dituzte horretara, 560.049,76 euro denetara. «Balorazio prozesuak ia hiru urte iraun ditu eta denon artean adostu ditugu ondorioak: udalak, langileek, sindikatuek… Balorea eman nahi izan diegu langileei, euren jarduna balorean ipini». Hein handi batean, prozesu horren garrantziak, aplikaziorako zailtasunek eta beste zenbait arazok atzeratu dute aurrekontu proposamena osoko bilkurara eramatea.
- Hirigintza alorrari dagokionez, aurrekontuaren zati handi bat bertan inbertituko dutela jakitera eman dute; 2.357.787,66 euro denetara. Eta hortik 712.574,39 euro, bide publikoen zolaketan inbertitu dituzte. Udalak aurreratu duenez, hainbat kaletan hobekuntzak egiteko asmoa dute.
Era berean, Zaldupeko zubitik Ibaiondorainora doan beheko pasealekuan dauden jarrilekuak aldatu egingo dituzte, baita Kantoipe kaleko kale argiteria ere. Artibai egoitzaren aurrean, berriz, umeentzako jolasgunea ipiniko dute. Udalak Zeledonio Arriola eraikina erabilgarri ipini nahi du, baina aurretik hainbat lan egin behar direla aurreratu dute. «Lehenik eta behin, San Ignazio kalera ematen duen hesia kendu eta plazatxo hori herritarren erabilerarako ipintzea izango da; horretarako beharrezkoa da leihoetan konponketak egitea». Horrez gain zimentazio kata berriak ere egingo dituzte, azterketekin jarraitzeko.
Kamiñazpi auzoaren eraberritze prozesua ere abian ipini nahi dute, «baina auzoa osotasunean ikusita». Eta horretarako parte hartze prozesu bat ipiniko dute martxan auzotarrekin batera etorkizuneko Kamiñazpi nolakoa izango den erabakitzeko. «Auzoa irisgarria izatea izango da lehentasunetako bat. Horretarako aurten abiatuko den prozesu parte hartzaileak 25.000 euroko aurrekontua edukiko du. Parte hartze prozesu horren ostean etorriko da proiektua egitea, eta gero obra».
Aparkalekuak ere ondarrutarren kezka nagusienetako bat direla jakitun, erronka horri aurre egiteko hiru oinarri dituela jakitera eman du udalak: batetik, Ibaiondoko aparkalekua zabalduko dute, bestetik, Zaldupe atzeko aparkalekua asfaltatuko dute (180.000 euroko partida gorde dute horretarako, baimen ofiziala lortutakoan lanak egiteko) eta, azkenik, Zaldupeko arau subsidiarioa aldatuko dute, futbol zelaiko aldagela berriak egin eta zelaiaren eta Ertzain Etxearen artean aparkaleku gehiago egin ahal izateko. Alkateak nabarmendu duenez, Zaldupe atzea ez da udalaren konpetentzia, «baina espero dugu behingoz baimen guztiak lortu eta aparkalekua egokitzea».
Artabide inguruan ere hainbat hobekuntza egingo dituzte. Batzokiaren inguruan hobekuntza batzuk egingo dituzte, baita alboan dagoen Plaza Gorrian ere. Artabide eta Augustin Zubikarai plaza lotzen dituen eskailera ere eraberritzeko asmoa dutela agertu dute, «plazari itxura aldatuz». - Kirol arloan 1.101.423,94 euro inbertituko dituzte, eta bertan bi dira azpimarratu beharreko kontuak. Nagore Badiola Alberdi kirol zinegotziak azaldu duenez, udal kiroldegiko aurrekontua ia 275.000 eurotan gehituko dute, 717.388,37 eurotik 991.996,14ra, besteak beste, igogailu berria egin nahi delako. «Herriko kirol instalakuntzetan ere irisgarritasuna bermatzea lehen mailako erronka da guretzat». Horrez gain, Udal Arraun Egoitzan ere hobekuntzak egingo dituzte, 9.176,15 euro bideratuko dituzte horretarako.
Ibaiondoko aparkaleku guztiak emakida gisa esleitzerakoan 1,9 milioi euroko sarrera iritsiko da. Horietatik 900.000 euro bideratuko dira inbertsioetara eta gainerakoa gordeta dago Gotzaitegiarekin dagoen epaian gerta daitekeenagatik
Aparteko diru sarrera. Kultura arloak 500.541.97 euroko partida izango du erabilgarri, eta Ondarroak dauzkan beharrizanak kontuan hartuta, kultur plan estrategiko bat martxan jartzeko lehen urratsak emango dituztela adierazi dute. Ingurumen batzordera, ostera, 100.399,09 euroko partida bideratuko dute denetara. «Animalien ordenantza berriari buruzko kanpainak, sentsibilizazio kanpainak eta guneak egokitzeak igo dute batez ere aurrekontua». Berdura Plazaren egoera ikusita ere merkataritza alorretik ere esfortzu bat egingo da hutsik dauden guneak eraberritzeko eta plaza bera biziberritzeko.
Diru sarrerei dagokienez, ohiko sarrerez gain Ibaiondoko aparkalekuekin aparteko diru sarrerak edukiko dituztela aurreikusten dute. Txomin Agirre ikastolaren sotoan dauden 137 aparkalekuak eta 8 trastelekuak emakidan esleitzeari esker. Aurreikusi dutenez 900.000 euro lortuko dira horretatik, eta horiek bestelako inbertsioetara bideratu nahi dituzte. «Ibaiondoko aparkaleku guztiak emakida gisa esleitzerakoan 1,9 milioi euroko sarrera iritsiko da. Horietatik 900.000 euro bideratuko dira inbertsioetara eta gainerakoa gordeta dago Gotzaitegiarekin dagoen epaian gerta daitekeenagatik». Diru horri guztiari esker, hain zuzen, hainbat proiektu aurrera eramango dituzte, «herri irisgarriagoa eta berdintasunean oinarritutakoa lortzeko». Bizikleten aparkalekuak gehituko dituzte leku estrategikoetan, motorrentzako aparkalekuak egokituko dituzte, kiroldegiko igerilekuetan lanak egingo dituzte eta muskulazio gelan ekipamendua berrituko dute. Besteren artean, gainera, HAPOa finkatzen jarraituko dute.