Mutrikuren izena Europan zabaltzeko ahalegina eskertu diete sokatira taldekoei
Harrera guztiak emaitza onak edo sariak lortzen direnean egiten direla iritzita, bestelako ekitaldia egitea erabaki dute Mutrikuko udal ordezkariek.
Mutriku Sokatira Taldeko kideak Europako Txapelketaren bidean daude, baina aurretik, harrera berezia egin nahi izan die Mutrikuko Udalak. Aitor Itza kirol zinegotziak atzo [irailak 2] Mutrikuko udaletxeko areto nagusian egindako ekitaldian nabarmendu zuenez, harrera guztiak emaitza onak edo sariak lortzen direnean egiten direla aitortu zuen, baina oraingo honetan bestelako ekitaldia egitea erabaki dutela esan zuen. “Mutriku Sokatirako Taldea Europako Txapelketara doa, eta, gure ustez, maila horretako txapelketa batetara Mutrikuren izena ordezkatzera joatea eskertzekoa dela deritzogu”.
Horrez gain, Europako Txapelketa ofizial batean Euskal Herriak selekzio propio modura parte hartzearen garrantzia ere azpimarratu zuen Itzak. “Eskerrik asko Basque Country Euskal Herriaren izena ere txapelketa ofizial batean egongo delako. Sokatirarik gabe hori ez zen posible izango”.
Eskerrak emateaz gain, oroigarri bana ere eman zieten sokatira taldeko kideei. Eta paparrekoez gain, pertsonalizatutako ikurrin bat ere oparitu zioten taldeari, “sariren bat irabaziz gero astintzeko, eta herria ordezkatzeko”. Javier Urresti Mutrikuko Sokatira Taldeko kide beteranoak eta Sebastian Gurrutxaga entrenatzaileak jaso zuten ikurrina taldearen izenean. “Ahal bada podium gainean erakutsiko dugu”.