Punta-puntako bertsolariek jarriko diete doinua Mutrikuko Samikolla auzoko jaiei
Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Onintza Enbeita eta Miren Amurizak parte hartuko dute zapatu iluntzeko bertso musikatu jaialdian. Jaiak aurten hamargarrenez ospatuko dituzte.
Egitarau bete-betearekin ospatuko dituzte Mutrikuko Samikolla auzoko jaiak. Jai eguna datorren martitzenean [irailak 11] baldin bada ere, zapatua [irailak 7] ere ekimenez beteta datorrela aurreratu dute jai batzordeko kideek. Auzotarrek 2010. urtean berreskuratu zituzten jaiak, eta aurten hamargarrenez ospatuko dituztela aurreratu dute. Data garrantzitsua ospatzeko ezer berezirik antolatu ez badute ere, “kutsu berezia” izango duela nabarmendu dute. Hori bai, auzoko jaiek hasierako grinari eutsiko diete, auzora datorrenari egitarau erakargarria eskainiz.
Zapatuko ekimenak, ohi modura, erraldoi eta buruhandien konpartsaren kalejirarekin hasiko dituzte. Kalejirak 11:00etan irtengo du Goiko Plazatik, eta auzora kalejiran joango dira herri guztia girotuz. Kalejira auzora ailegatzearekin batera txosna zabaldu dute. Txikienek, gainera, puzgarrietan jolasteko aukera ere edukiko dute.
Azken urteotan ohitura bihurtu den modura, txupin jaurtiketa eta brindisarekin emango die hasiera ofiziala jaiei, 13:00etan. Aurreratu dutenez, auzotarrak batzeko aitzakiarekin egiten duten auzo bazkaritan 50 bat lagun batuko dira. Arratsaldean, berriz, Ibiri baserriko abereekin jolasean aritzeko tartea izango dute herriko gazteenek.
Jai guztietan modura Samikollan ere musikarik ere ez da faltako. Besteak beste, punta-puntako lau bertsolarik bertso musikatu jaialdia eskainiko dute zapatuan. Beñat Gaztelumendik, Jon Maiak, Onintza Enbeitak eta Miren Amurizak Haritz Casacalek proposaturiko gaiei buruzko bertsoak abestu beharko dituzte, Gari eta Ixak musikariek jarritako doinuarekin. “Beste urte batzuetan ere bertso saioak egin izan ohi ditugu jaietan. Eta aurten bertsolari ospetsu hauek auzora gerturatzeko aukera eduki dugu”.
Bertso musikatua amaitu, eta txosnan mokaduren bat edo beste afaldu eta gero, goizaldera arte gerriak astitzentzeko aukera bikaina eskainiko dute kontzertuak eta osteko erromeriak. “Errietan herriko taldeak iaz ezusteko kontzertua eskaini zuen auzoko jaietan, eta aurten ere esperientzia errepikatu nahi izan dute. Urtero herriko taldeen kontzertuak sartzen ahalegintzen gara, MRKn dabiltzan taldeei indarra eta ahotsa emateko”.
Auzoari izena ematen dion zainduaren eguna, berriz, martitzenean [irailak 10] ospatuko dute. Eguna meza santuarekin hasiko dute, eta urteroko ohiturei jarraituz, elizkizuna amaitu orduko auzotarren omenaldiarekin jarraituko dute. Bertaratzen direnek, gainera, auzotarrek prestatutako txorizo egosia eta salda dastatzeko aukera edukiko dute ermita alboko txosnan.
EGITARAUA
- Irailak 7, zapatua
- 11:00. Erraldoi eta buruhandien konpartsarekin kalejira, Goiko Plazatik Samikollara.
- Ondoren. txosnaren eta puzgarrien irekiera.
- 13:00. Txupina eta brindisa, jaiei hasiera emateko.
- 14:30. Auzo bazkaria.
- Bazkalostean. Kantak.
- 18:00. Ibiri baserriko zezen txikiak eta pottokak.
- 20:00. Bertso musikatuak. Bertsolariak: Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza. Gai jartzailea: Haritz Casacal. Musikariak: Gari eta Ixak
- 23:00. Errietan taldearen kontzertua.
- Ondoren. Zirkiñik Bez taldearekin erromeria.
- Irailak 10, martitzena. San Nikolas santuaren eguna
- 11:00. Meza santua Samikolla auzoan
- Ondoren. omenaldia, salda eta txorizoa.