Garbiñe Agirregomezkortak esker onez jaso du Mutrikuko Samikolla auzoko jai batzordearen omenaldia
San Nikolas eguna beste hainbat auzotarri ere aitortza egiteko aprobetxatu dute. Auzolanean ibili diren auzotarrak eta Martzelita Txurrukari ere eskerrak eman dizkiete.
Zapatuko [irailak 7] ospakizunen ostean, gaurkoan [irailak 10] San Nikolas eguna ospatu dute Mutrikuko Samikolla auzoan. Ohitura den modura, Tolentinoko San Nikolasi eskeinitako mezarekin hasi dituzte ospakizunak. Hori bai, eguraldi eskasa tarteko, aita Txominek elizkizuna aurreko garajean eman behar izan du, ermitaren aurreko zelaian eman beharrean.
Urteroko hitzordura hutsik egin gabe etorri direnak asko izan dira, eta meza amaitu orduko auzotarrak zain egoten diren unerik hunkigarriena ere etorri da: omenaldia. Gaurkoan, gainera, auzotar bat baino gehiago omendu nahi izan dituzte.
Alde batetik, eta auzolanak dakarren garrantziaz jakitun, auzolanean ibili diren auzotarrei oroigarri bat eman nahi izan die jai batzordeko kideek. “Aurtengo udan ermita konpontzen eta inguruak atontzen auzoko batzuk ibili dira euren borondatez. Gurutzea ere ustelduta zegoen, eta hori ere zuzendu dute. Eta Samikollako jai batzordekook pentsatu dugu hori eskertzeko aurten lan talde hori omentzea”.
San Nikolas eguna antolatzen 40 urte baino gehiagoz aritu den Martzelita Txurrukari ere omenaldia egin nahi izan diote boluntarioek. “Martzelitak aurten, hainbeste urte eta gero, erreleboa eskatu du, eta usadioa galtzerik ez dugunez nahi, guk jarraituko dugu zeregin horrekin”. Txurruka ezustekoan harrapatu dute, baina pozez gainezka jaso du Ana Mari Lezertua eta Arantxa Elezagarai hainbat urtez boluntario lanetan dabiltzanek banatutako lore sorta, auzotarrek abestutako Zorionak zuri eta txalo zaparrada artean. “42 urte egin ditut San Nikolas eguna antolatzen. 82 urte ditut, eta ardura hori beste batzuen eskuetan uztea erabaki dut”.
Azkenik, sekretupean azken momentura arte ondo gordeta egoten den omenduraren izena jakitera eman du Iñigo Arrizabalagak bertsotan. Gaurkoan jaietan “txinurrien modura” lanean aritzen den eta jaiei “ahotsa eta aurpegia” ipintzen dien Garbiñe Agirregomezkorta jai batzordeko kidea omendu du jai batzordeak. Sekulako ezustekoa hartu du, eta erabat hunkituta jaso ditu txapela eta landarea jai batzordekoen eskutik. “Jaiak berreskuratu ditugunetik jai batzordeko ardatza gara Iñigo, Naiara eta hirurok. Orain arte ni izan naiz omenduaren izena eman duena, eta aurten niri tokatzea ez nuen espero inondik inora”.
Bazkal ordua ailegatu arte jan-edanean bilduta ibili dira bertaratuak lagun eta familia artean. Ospakizunekin amaitzeko, jaietako zozketa egin dute. Honakoak dira zenbaki sarituak: lehen saria 3554 (3251 ordezkoa), bigarren saria 3622 (3341 ordezkoa) eta hirugarren saria 2739 (1755 ordezkoa). Sariei dagokienez, lehen sariaren irabazleak Bertan dendetan gastatzeko 150 euroko bonoa jasoko du. Bigarren saridunak, aldiz, bi lagunentzako afaria irabaziko du, eta hirugarren saridunak herriko produktuekin osatutako otarrea.
Saridunek hamabost eguneko epea izango dute saria eskuratzeko. Saridunak sjbsamikolla@gmail.com helbidera idatzita jar daitezke kontaktuan jai batzordeko kideekin.