Konponbidearen alde lan egin nahi dute 11/13 sumarioko auzipetuek
Elkartasuna adierazteko elkarretaratzean eta futbol partidetan batu ziren asteburuan. Zapatuan Bilboko La Casillatik aterako den manifestaziora joateko deia egin dute; autobusak antolatu dituzte.
Astelehenean hasiko da 11/13 sumarioko auziaren epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean; 47 auzipetu daude. Euskal presoen eskubideen alde egindako lanagatik epaituko dituzte, eta asko izan dira joan den asteburuan horiei elkartasuna adierazi zieten norbanako, talde, eragile eta elkarteak.
Hainbat izan dira orain arte 47ak Herrian lelopean burututako ekintzak, eta prozesu guztian jasotako babesa eskertu zien udalerriko bizilagunei Ibon Meñika 11/13 sumarioko auzipetu Gernikarraj: «Oso eskertuta gaude jasotzen ari garen elkartasunagatik. Herri aktibazio zabal bat artikukatzen ari da modu eta era askotara, eta gure partetik eskerrak ematea baino ez dagokigu».
Hala, makroepaiketaren aurka eta konponbidearen alde Jon Maia bertsolariak idatzitako manifestuak azken bi hilabete eta erditan 11.000 sinaduratik gora jaso dituela esan zuten.
Babesa gizarteko eremu guztietatik jaso dutela aitortu, eta salaketa eta elkartasun olatu horrek asko indartzen dituela adierazi zuten. Hortaz, norabide horretan lanean jarraituko dute: «Euskal preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko indarrak biltzen zentratu, eta konponbidearen oinarrietan herri aktibazio sendoan ekarpena egitea dagokigu guztioi. Epaiketa honek auzipetu eta ingurukoei sortutako sumindura eta elkartasuna bihur dadila euskal presoak herrian izateko aldarria eta indarra».
Etorkizunari begira. Iraganeko estrategia errepresibo baten aurrean daudela uste dute auzipetuek, baina euskal jendartearen «gehiengo erraldoi batek» iraganeko estrategia horiek atzean utzi eta gainditzean sinesmen osoa dutela diote.
Gatazkaren ondorioak konponbidean jartzea «beharrezkoa» dela aitortu zuen Meñikak, eta horretarako kartzelak «hustu» behar direla aitatu zuen.
Hala, zapatuan 17:30ean La Casillatik hasita, Bilboko kaleak betetzeko mezua zabaldu zuten, eta manifestaziora joateko deia egin zuten: «Ez dago jendarte aktibo, mobilizatu eta kritiko bat baino osasuntsuagorik».
Bilborako autobusak. Mobilizazio jendetsua izango da, eta bertara joateko autobusak jarri dituzte Lekeitiotik, Ondarroatik eta Mutrikutik. Lekeition 15:00etan Mandaskatik aterako da autobusa, eta Bilbora joan nahi duenak Guzurmendin, Galarrenan, Otoion edo Aralden eman beharko du izena.
Ondarroako autobusa, berriz, Zaldupeko Zubitik aterako da 16:00etan, eta autobusez joan nahi duenak barikura arte eman dezake izena Anaitasuna eta Kulixka tabernetan. Internetez ere izena eman ahal da.
Mutrikutik ere autobusa jarriko dute zapaturako, baina irteera ordua zehazteke dago oraindik; Debako bizilagunekin joango dira. Eguaztena [irailak 11] da izena emateko azkenengo eguna; Zubixan eman beharko dute izena mutrikuarrek.