Ziortzako Kontzertuen 31. ekitaldia egingo dute datozen bi asteburuetan
Asier Polo biolontxelo jotzaileak emango dio hasiera aurten ere egitarauari, eta Johann Sebastian Bach konpositorearen azken hiru suitak interpretatuko ditu. Horrez gain, musikari alemaniarren obrak grabatzen dabil astelehenetik monasterioan.
Musika klasikoaren emanaldiak Ziortza-Bolibarrera iritsiko dira aurten ere. Datozen bi asteburuetan (irailak 14-15, eta irailak 21-22) Euskal Herriko eta nazioarteko goi mailako musikariek monasterioa izango dute agertoki Ziortzako Kontzertuen 31. ekitaldian. Kartela Marta Cardenas margolari donostiarrak diseinatu du.
Iaz bezala, Asier Polo biolontxelo jotzailea ikusteko aukera izango dute bertaratutakoek, munduko orkestra garrantzitsuenetan bakarlari moduan esperientzia oparoa daukan musikaria, besteak beste Philharmonia Orchestra, London Symphony Orchestra, Danish National Symphony Orchestra, Orchestra Sinfonica Nazionalle della RAI, Dresdner Philharmonie, Orchestre de Paris, BBC Philharmonic orkestretan. Hain zuzen ere, bilbotarrak emango dio barikuan hasiera aurtengo edizioari. Johann Sebastian Bach konpositoreak biolontxelorako sortutako sei suiten azken hirurak interpretatuko ditu, 2018ko ekitaldiko lehen hirurei jarraipena emanez. Horrez gain, astelehenetik [irailak 9] Polo monasterioan dago Bachen obren grabaketa berezi bat egiten, udaberrian kaleratuko duten diskoa eta bideoa prestatzen. “Harreman oso estua daukagu Polorekin, horregatik erabaki dugu proiektu hau elkarrekin aurrera ateratzea”, azaldu du Koldo Narbaiza programazio arduradunak.
Domekan, aldiz, Tomasz Adam Nowak piano jotzaile poloniarra zen etortzekoa, baina “azken orduko aldaketa bat” egin behar izan dute. Orain dela hamabost urte eskaini zuen lehenengoz Adam Nowakek kontzertua Ziortza-Bolibarren, eta ilusio handiz gonbidatu dute aurten ere, nahiz eta “ezin izango den bertaratu”. Bere ordez, Andres Cea Galan espainiarra ariko da Ainhoa Barredo bilbotarrarekin batera, eta “bien arteko elkarrizketa musikala” gauzatuko da.
Josep de Echebarriak 1686an eraiki zuen organo historikoa eta Jose Maria Arrizabalagak XX. mendean egindakoa izango dira Cea Galanek eta Barredok erabiliko dituztenak. Echebarriarena Euskal Herriko organorik zaharrena da. XVI. mendeko konpositoreen obrak interpretatuko dituzte: Hernando de Cabezonen Doulce memoire, Antonio Valenteren Lo ballo dell’intorchia, Joseph Jimenezen Batalla da sexto tono, Juan Cabanillesen Tiento partido de mano derecha eta Giovanni Bernardo Luchinettiren Sonata a due organi. Horrez gain, 1719an jaio zen Joaquin Ojinaga bilbotarrari ere omenaldia egingo diote Intento partitura joz.
Cea Galanek Espainian, Frantzian eta Suitzan ikasi ostean ikerketa garrantzitsuak egin ditu organo iberikoaren inguruan. Aholkulari jarduten du ere organoak berriztatzeko egitasmoetan hainbat erakunde ofizialentzat. Instituto del Órgano Hispano erakundearen presidentea da eta Luis Vélez de Guevara Zientzia, Arte eta Letra Onen Errege Akademiako kidea.
Barredok Juan Cristostomo Arriaga Musika Goi Kontserbatorioan ikasi zuen eta Musikeneko irakaslea da. Kontzertu asko egin ditu bakarlari gisa Europan zehar: Vichyko Organo Astea (Frantzia), Bilboko Euskalduna Jauregiko kontzertu-zikloak, Organoak Alacanten, Santanderreko Nazioarteko Jaialdia, Pariseko Espainiar Eliza.
Datorren asteburuan, bestalde, Orquesta Barroca Propitia-Sydera taldearen emanaldia egongo da zapatuan, eta Andoni Sierrak zuzendutako Conductus Ensemblearena domekan. Biek ala biek Bach izango dute protagonista, baina bide ezberdinak erabiliko dituzte maisu alemaniarraren obran murgiltzeko.
Orquesta Barroca Propitia-Syderak Vivaldiren Veneziatik hasiko den bidaia bat proposatuko du XVII. mendeko musikariei (Alessandro Marcello eta Giovanni Benedetto Platti) keinu eginez, eta Bach bera izango da helmuga. Urtero Ziortza-Bolibarren jotzeko elkartzen diren gazte bizkaitarrek osatzen dute taldea, eta Alfredo Bernardini oboe jotzailea ariko da bakarlari. Erroman jaio zen 1961ean, eta 1981ean Herbeheretara joan zen oboe barrokoan eta antzinako musikan sakontzeko.
Conductus Ensemblek, ordea, Bahcek sei motete interpretatuko ditu: Singet dem Herrn ein neues Lied, Jesu meine Freude, Der Geist hilft unser Schwachheit, Fürchte dich nicht, ich bin bei dir, Komm, Jesu, komm eta Lobet den Herrn. Taldea 2002an sortu zuten eta ordutik 150 kontzertu baino gehiago egin dituzte hainbat agertokitan, hala nola, Madrilgo Auditorio Nacionalean, Bilboko Euskalduna Jauregian edo Donostiako Kursaalean.
Ziortzako Kontzertuen antolatzaileek Bizkaiko Foru Aldundiaren, herriko udalaren, Gondra Barandiaran Fundazioaren eta BBKren laguntza eskertu nahi izan dute, “beraien ekarpenik gabe emankizun hauek egitea ezinezkoa” dela gogoratuz.
Kontzertuetarako sarrerak. 18:00etan izango dira emanaldi guztiak, eta autobus zerbitzua eskainiko dute antolatzaileek Monasteriora joateko. Bilbon Txabarri Jauregi aurrean (Elkano kalea) dagoen geltokitik irtengo dira autobusak 16:00etan, eta joan-etorriko txartelak 10 euro balio ditu; lau egunetarako bonuak aldiz, 35 euro.
Interesatuek, erreserba egiteko, 656 78 08 72 telefono zenbakira deitu beharko dute edota ziortzakokontzertuak@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatzi izen-abizenak, NAN zenbakia, erreserba kopurua eta egunak zehaztuz. Txartelak autobusa irten baino 15 minutu lehenago jaso beharko dituzte. Antolatzaileek “txartelen banaketa ondo egiteko diru justua ekartzea” gomendatu dute.