Egitarau betearekin datoz Mutrikuko Galbaixo jaiak
Barikuan [irailak 13] hasi eta hilaren 22a arte hamaika ekimenez gozatzeko aukera egongo da Galbaixo jaietan. Herritarrentzako egunik bereziena Galbaixo Eguna izango da.
Mutrikuarrek egutegian ondo azpimarratuta izaten dituzten Galbaixoak hastear dira. Egun handia zapatukoa [irailak 14] baldin bada ere, jaiek barikuan [irailak 13] egingo dute eztanda zesta-punta jaialdiarekin, denborradarekin eta Saia Goiat talde mutrikuarraren kontzertuarekin.
Zapatuan, usadio zaharrei eutsita, Galbaixo Eguna ospatuko dute Galbaixo ermitaren bueltan. Egingo diren ekintzen artean, herri kirolak izango dituzte eguerdian. Urtero egiten duten aizkora eta harrijasotze saioez gain, estreinako, Euskal Pentatloia herri kirol proba konbinatua ikusteko aukera ere edukiko dute Galbaixora bertaratzen direnek. Hori bai, antolatzaileek aurreratu dutenez, “saltaka egiteko toki gutxi egongo denez”, bost diziplina ordez, lau beteko dituzte Aratz Mugertzak eta Jon Gisasola Zelai-k. Hala, giza proban harria arrastaka eraman, harri jasotzen, txinga eramaten eta aizkoran ariko dira aurkari biak.
Eguerdi ondorengo orduak ermitaren inguruetan pasata, jaiak herrigunean jarraituko du, sokamuturrarekin. Jaiak dirauen egun guztietan egongo da kontzertu, erromeria edo musika bandarekin gozatzeko aukera. Baina herritarrentzat kontzertu berezienetako bat zapatu gauekoa izango dela uste dute jaien antolatzaileek. 22:30etik aurrera Foisis jaunak taldeak Itoiz talde mitikoaren kantuak bertsionatuko ditu zaleen gozamenerako.
Domekan [irailak 15], berriz, Galbaixo Txiki Eguna sukaldean hasiko dute mutrikuarrek. Eguneko eskaintza oparoaren artean, uretako jolasez gozatzeko aukera egongo dela nabarmendu dute. Goizean zein arratsaldean, ur parkea egongo da Egañaneko frontoian. Ausartenek, gainera, Egañako frontoitik Zubiaga Plazara arte ipiniko duten uretako txirrista erraldoian botatzeko aukera dibertigarria izango dute. Biharamunean [irailak 16], Piñastei Egunean ere uretako jolasekin jarraitzeko aukera egongo da. Estreinako, uretako puzgarriak ipiniko dituzte moilan.
Irailaren 22an ospatuko dute jaietako azken eguna: Galbaixotarren Eguna. Auzotarrentzat kutsu eta xarma berezia izaten duen eguna izaten da. Kalbaixoko Kofradiako kideek azaldu dutenez, aurten ere auzoko argazki zaharren erakustea egingo dute ermita atarian. Eguna gainera hainbat berritasunekin datorrela azpimarratu dute. Estreinako, Gure Ametsa dantza taldearen ikuskizuna egongo da. “Galbaixoko jaietan sekula ez dira egon, eta aurten estreinako emango dute emanaldia”. Auzolanean bolatokia ere txukundu dute, eta hainbat urtez txapelketarik egin gabe egon ondoren, I. Bola Txapelketa egingo dute.
EGITARAUA
Irailak 13, Galbaixo bezpera
- 18:00. Zesta-punta jaialdia, Miruaitz frontoian.
- 22:30. Danborrada.
- Ondoren. Kontzertua, Saia Goait talde mutrikuarra.
Irailak 14, Galbaixo Eguna
- Goizean. Mezak, Galbaixon (10:00 eta 12:00).
- Ondoren. Herri kirolak: Aratz Mugertza Mugertza II, Jon Gisasola Zelai, Karmele Gisasola Zelai eta Inhar Urruzuno.
- Jarraian. Euskal Pentatloia: Aratz Mugertza, Jon Gisasolaren aurka.
- Egun osoan. Trikitilariak Ansorregi eta Larrañaga.
- 18:00. Sokamuturra.
- 19:30. Kalejira Bentazaharreko mutiko alaiak taldearekin.
- 22:30. Kontzertua, Beheko Plazan: Foisis jaunak.
- Ondoren. Erromeria Kenbat taldearekin.
Irailak 15, Galbaixo Txiki
- 10:00. Marmitako lehiaketa, Beheko Plazan.
- 11:00-14:00. Ur parkea Egañaneko frontoian.
- 11:30. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren kalejira.
- 12:00. Pottokak eta zezen txikiak, Goiko Plazan.
- 13:00. Musika Bandaren kontzertua, Beheko Plazan.
- 14:00. Marmitako Lehiaketa: sari banaketa eta enkantea, Beheko Plazan.
- 17:00-19:00. Ur parkea Egañaneko frontoian.
- 18:00. Sokamuturra.
- 22:30. Erromeria Alaiki taldearekin, Beheko Plazan.
Irailak 16, Piñastei Eguna
- 11:00. Sardina erreak eta umeen jolasak eta hamaiketakoa jubilatuentzat.
- 11:00. Erraldoien eta buruhandien eta musika bandaren kalejira moilaraino.
- 13:00. Sokamuturra.
- 18:00. Sokamuturra.
- Arratsaldean. Uretako puzgarriak.
Irailak 22, Galbaixotarren eguna
- 12:00. Meza, hiru auzoetako hildakoen alde.
- Ondoren. Auzoko argazki zaharren erakusketa, ermita atarian.
- 13:00. Dantza ikuskizuna Gure Ametsa dantza taldearekin.
- 17:00. Umeentzako eta gaztetxoentzako jolasak.
- Ondoren. Julen Magoaren magia ikuskizuna.
- 17:30. I. Bola Txapelketa.
- Ondoren. Pottokak eta zezen txikiak.
- Egun osoan. Trikitilariak: Laja II eta Lutxurdixo.
- Jaiaren bukaeran. Errifen zozketa.