Antxon Alberdik eta Jon Ibarluzeak garaipenekin hasi dute Xisterako Interjai Txapelketa
Etxebarriko puntistak 2-0 irabazi du Urangarekin batera. Markina-Xemeingo puntistak emaitza bera lortu du Etxeberrigaz bikotea osatuta. Gaizka Barinagarrementeria 'Katxito'-k eta Mikel Manzisidorrek ez dute punturik gehitu Mutrikun jokatu den lehen jardunaldian.

Aurreko barikuan [irailak 13] Xisterako Interjai Txapelketaren lehen jardunaldia jokatu zen Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. Xisterako gizonezkoen txapelketarik nagusienean iazko zirkuituko onenak ari dira lehiatzen. Antolatzaileek azaldu dutenez, Aitor Elkorobarrutiak ez zuen jokatu lehen jardunaldia, “min hartuta” dagoelako. Bere ordez, Urangak jokatu zuen, Antxon Alberdigaz bikotea osatuz.
Eguneko lehen partidua Gaizka Barinagarrementeria Katxito-ren eta Mikel Elkorobarrutiaren eta Aaron eta Zugaitzen artekoa izan zen. Aaronek eta Zugaitzek jokoa erabat menperatu zuten arerioei tantoak egiteko aukera gutxi utziz; 2-0 (15-9 eta 15-5) irabazi zuten.

Uranga eta Alberdi, Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. Argazkia: Xistera
Bigarren partiduak Antxon Alberdi etxebarritarra eta Uranga eta Zuloaga eta Uriel ipini zituen aurrez aurre. Antxonek eta Urangak 2-0 (15-8 eta 15-8) irabazi zuten. Lehen seta nahikoa berdinduta hasi zuten bi bikoteek. Batez ere, lehia handia egon zen atzean, eta aurrelariek ere tanto ederrak egin zituzten. Baina zortzina berdindu ostean, urdinek tanto bat bestearen atzetik egin zuten. Bigarren seteak ere, berdinketarekin hasi ziren. Berdintasunak bosgarren tantora arte iraun zuen, baina hortik aurrera Antxonek eta Urangak partiduaren agintea hartu zuten, bigarren puntua eta garaipena ziurtatuz.
Azken partiduan Laloo eta Mikel Manzisidor mutrikuarrarekin eta Etxeberri eta Jon Ibarluzea markina-xemeindarraren arteko norgehigoka aparta ikusteko aukera egon zen. Dudarik barik, lehen jardunaldiko partidarik onena eta lehiatuena izan zen. Etxeberrik eta Ibarluzeak garaipen oso estua lortu zuten; 2-0 (15-14 eta 15-14) irabazi zuten. Lehen jokoan, esate baterako, Etxeberri eta Ibarluzea aurretik ibili ziren, baina alde handirik lortu barik. Jokoaren azken txanpa ikaragarria izan zen. Laloo eta Manzi 14-13 aurretik sartu ziren, eta bazirudien lehen puntua euren aldekoa izango zela, baina Etxeberrik eta Ibarluzeak bi tanto eginda, lehen seta eskuratu zuten. Bigarren jokoa ere oso orekatua izan zen. Berriro ere 14-13 jarri ziren aurretik Lallo eta Manzi, eta berdinketa egongo zela bazirudien ere, Etxeberrik eta Laloo partiduari bueltan eman, eta puntua eta garaipena lortu zituzten.