Endika Uriondo gizaburuagarrak Lezoko Etxandi oroimenezkoa irabazi du
Gizaburuagako atzelaria txapelketako pilotaririk onena ere izendatu dute, nagusi mailan. Final oso gogorra eta estua jokatu du Lea Ibarra Motrolloko pilotariak.

Lea Ibarra Motrollo taldeko pilotari gizaburuagarrak Iraitz Zubizarretagaz (Eneko Labaka ordezkatu zuen) batera irabazi du Lezoko 44. Josetxo Etxandi oroimenezkoa, elite kategorian. Iker Salaberria eta Iker Mariezkurrenari 22-17 irabazi zieten aurreko zapatuan [irailak 14] jendez betetako pilotalekuan jokatu zen finalean. Lezoko txapelketa afizionatu zirkuituan jokatzen den maila oneko txapelketa da, eta txapela irabazita, “pozarren” dagoela aitortu du Uriondok.
Bikote biek partidu oso gogorra, estua eta lehiatua jokatu zuten; ia 80 minutu iraun zituen. Salaberriak eta Mariezkurrenak 17-18ra ailegatzea lortu bazuten ere, Uriondok eta Zubizarretak markagailuan ihes egin eta txapela eskuratzea lortu zuten. Gizaburuagako atzelariak itzelezko lan ona erakutsi zuen kantxan. Defentsan lan dotorea egin zuen, eta esku biekin ondo moldatu zen. Uriondo, gainera, nagusi mailako pilotaririk onena ere izendatu zuten.

Iraitz Zubizarreta eta Endika Uriondo, txapelak soineak. Argazkia: Ane Uriondo