Kirola nagusi, Berriatuko Aitxe Kutzeko jaietan
Aitxe Kutzeko jaiak ospatu dituzte zapatuan [irailak 14] eta domekan [irailak 15], Berriatuan. Adin guztietako bizilagunak joan dira auzora, probak bertatik bertara ikustera edota lagunak animatzera.

Asteburua kirol ekimenez beteta izan dute berrituarrek. Aitxe Kutzeko jaiak direla eta, kalera irten dira adin guztietako bizilagunek parte hartu duten probak bertatik bertara ikustera, lagunak animatzera edota apustuak egitera.
Goizeko mezaren ostean pentalon desafioa izan dute ikuskizun nagusia. “Datorren igandean egingo duten Euskal Herriko Pentalon Txapelketaren entrenamendu gisa”, Xabier Zalduak eta Luis Txapartegik aurrez aurre neurtu zituzten indarrak. Txapartegik abantaila hartu zuen harri-jasotze eta giza probetan, baina pixkanaka-pixkanaka Zalduak martxa hartu eta korrika saioan desafioa irauli zuen.
Ikusle izatetik partaide izatera igaro ziren arratsaldean herritarrak. Izan ere, kuadrilen arteko IX. Bizikleta Desafioa lehiatu zuten 38 txirrindularik. Berriatuko kostari buelta ematea zen erronka, eta “askok lagunartean ondo pasatzeko helburua” izan bazuten ere, “irabaztera atera ziren beste hainbat”. Ander Txakartegi, azken lau urteetako garailea, ezin izan zen bostgarrenez nagusitu, 16 urteko Egoitz Aranzetak esprintean menderatu baitzuen: “Bizikleta bateko tartea atera zion”. Urtero indarra hartzen ari den jarduera da kuadrilen arteko bizikleta desafioa, eta Jon Arriola alkateak adierazi bezala, “herrian txirrindularitzarekiko dagoen zaletasunaren isla da”. Emakumezkoen parte hartzea gehitzen doala gaineratu du, aurten bizikleta gainean sei aritu direla esa du. “Udane Bilbao izan da lehena helmugara iristen”.

Parrillada Berriatuan. Argazkia: Berriatuko Udala
Iluntzean Urepel plazan Goxalde elkartearen laguntzagaz parrillada herrikoia prestatu zuten. Sardinak eta okela errea, sagardoa, txakolina… dastatzeko batu ziren berriatuarrak.
Domekan, bestalde, gaztetxoenen txanda iritsi zen. 2 eta 12 urte bitarteko 46 neska-mutil aritu ziren duatloian herriari bueltak ematen, eta ostean, beraientzako prestatutako jolas-gunera joan ziren jaiak ospatzen jarraitzera. Eguerdian, Arriola Jatetxean elkartu ziren bizilagunak, “betidanik herrian izan dugun ohitura” mantenduz.
Datorren zapatuan [irailak 21] 37. Aitxe Kuz Txirrindulari Saria lehiatuko dute kadeetek arratsaldean, baita Juan Luis Kanterape Memoriala ere.