Ondarroako Plaiko Zubiaren zimenduak aztertu ditu urpekari talde batek
Urpekari bat jaitsi da uretara, eta beste bat lehorrean geratu da, berarekin kontaktuan. Uretan sartu den urpekariak kamera bat eraman du ikusi duen dena grabatzeko.

Urpekariek gaur [irailak 17] aztertu eta ikuskatu dituzte orain zaharberritze lanetan dagoen Plaiko Zubiaren oinarriak. Urpekari bat jaitsi da uretara, eta beste bat lehorrean geratu da, berarekin kontaktuan. Uretan sartu den urpekariak kamera bat eraman du ikusi duen dena grabatzeko. Lanak egin bitartean, ingurua balizatu dute, eta laguntza eta babesa emateko ontzi bat ere eduki dute euren inguruan.
Ekainaren 3an hasi zituzten zubiaren desmuntaketa lanak, eta hiru egunez zubiaren zatiak banan-banan eraman ostean, zatiak zaharberritzen ari dira horretara bideratuta dagoen tailer batean. Euskal Kultura Ondareko Zerrenda Orokorrean sartuta dagoen zubiaren zaharberritze lanek bederatzi hilabete irautea aurreikusten dute. Hau da, 1927an eraikitako zubia 2020ko udarako prest egongo dela diote adituek.

Urpekaria uretara sartzen. Argazkia: Ondarroako Udala