Ondarearen Europako Jardunaldiak aurkeztu dituzte
Astelehenean [irailak 16] egin zuten agerraldia Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak zein Ainara Martinez Matia eta Amaia Apraiz historialariek, Bilbon. Lea-Artibai eta Busturialdean programa zabala eskainiko dute urrian.
Ondarearen Europako Jardunaldien 19. ekitaldia aurkeztu zuten astelehenean [irailak 16] Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak zein Ainara Martinez Matia eta Amaia Apraiz historialariek, Bilbon. Hala, urritik aurrera “era askotako jarduerak” antolatu dituztela jakinarazi dute, helburua “herritarrak parte hartzera gonbidatzea” delarik.
Ondarea Plazara! lelopean, Bizkaiko 58 udalerritan doako 200 jardueratan aritzeko aukera izango dute herritarrek, beraien “ondarea eta historiarekin zerikusia duten bitarteko eta baliabide batzuetara iristeko eta horiek ezagutzeko” tartea edukiz. “Europar Batasunarekin lankidetzan Europako Kontseiluak Ondare Kulturalaren arloan sustatzen duen sentsiberatzeko egitarau ausarta” aurkeztu dute, eta Lea-Artibai zein Busturialdean programa zabala eskainiko dute.
Udalek, museoek eta talde kulturalek aurrera eramandako “era guztietako adierazpenak” prestatu dituzte bizilagun guztientzat, hala nola, ludikoak, erritualak, bat-batekoak edota zeremonietakoak: dantzak, herri kirolak, musika eta jokoak, erromeriak, bertsolaritza, antzerki eta musika emanaldiak. “Barruan daude ere ukigarriak eta ukiezinak diren alderdiak, objektuak eta tokiak, belaunaldietan zehar transmititu diren eta derrigorrez kontserbatzen jarraitu behar diren teknikak eta ezagutzak”.
Eskualdeetako eskaintza. Telebistarik, baloirik, bizikletarik edo Internetik ez zegoenean neska-mutilek plazetan nola jolasten zuten ezagutarazteko asmoz, “antzinako joko nagusien (harrigorrika, boskantoika, kubike…)” gaineko tailerrak antolatuko dituzte, esaterako, urriaren 6an Aulestin. Markina-Xemeinen ere joko tradizionalak zabalduko ditu Unesco Etxeak Berakruz Ikastolako Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleekin batera urriaren 24an, ondare ukiezina berreskuratu eta transmititzeko helburuarekin. Horrez gain, dantza-erakusketa gidatua egingo dute herriko dendetatik euskal dantza tradizionalen jantziak erakutsiz, urriaren 26an.
Bermeon, Madalen Egunean [uztailak 22] Izaro irlaren aurrean teila botatzearen ekintza sinbolikoa errepikatuko dute urriaren 5ean eta 19an; eta Lekeitio sortu zenetik 700 urte betetzear direnez, herriari buruzko erakusketa inauguratuko dute azaroaren 1ean. Santa Kurtze jaietan ohitura bilakatu den Saragiaren Hiletaren antzezpena egingo dute Muxikan urriaren 12an, eta 1973an Ondarroako ontzietan arrantzan ari zirela bi arrantzale nola ito ziren kontatzen duen Atako Bandan 5.1 poema musikatuaren emanaldia egingo dute urriaren 6an, 11:00etan, Kofradia Zaharrean.
Gernika-Lumon ere jarduera asko izango dituzte interesatuek aukeran. Urriaren 20an, adibidez, Bilboko Batzar Nagusietara eta jarraian Gernika-Lumoko Batzar Etxera egindako “VIP bisitaldi” gidatuaz gozatu ahal izango dute, eta Jose Maria Iparragirre koplaria jaio zeneko 200. urteurrenaren arira, Gernikako Arbola kanta ezaguna sortu zuenari buruzko “tailer eta hitzaldi musika irudiztatuta” eskainiko dute urriaren 26an. Zesta-puntak ere izango du tartea, izan ere, “kirol ikusgarri horren historia” ikasteko ibilbidea prestatu dute Jai Alai Eskolako kideek.
Ekintza horiek guztiek eta gehiagok osatuko dute Ondarearen Europako Jardunaldien programa, eta bertan parte hartu nahi dutenek derrigorrezkoa izango dute aldez aurretik erreserba egitea. Horretarako, jarduera bakoitzaren antolatzaileekin harremanetan jarri beharko dute, posta elektronikoz edo telefono bidez.