Talentatu proiektuak jarraipena izango du 2019-2020 ikasturtean
Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak, Azaro Fundazioarekin elkarlanean, astelehenean [irailak 16] iragarri zuen egitasmoak jarraipena izango duela.
Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak, Azaro Fundazioarekin elkarlanean, Talentatu proiektuak jarraipena izango duela iragarri zuen astelehenean [irailak 16]. Iaz jarri zuten martxan egitasmoa, eta aurten, Lea-Artibai eskualdeko gazteei zuzenduta egoteaz gain, Busturialdera ere zabalduko dutela baieztatu dute.
Proiektuaren helburura bi eskualdeetako ikasleen “talentua sortzea, mantentzea eta erakartzea” izanik, enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatu nahi dute. Hala, etorkizunean, “ikasleak eskualdean lanean geldi” daitezen bilatzen du egitasmoak: “Ikasketak dituzten ikasleak lanera kanpora atera beharrean eskualdean bertan gelditzea eta kooperatibek behar dituzten profileko langileak bertakoak izatea lortu nahi da”.
2019-2020 ikasturtean gauzatuko den Talentaturen bigarren edizioan, iazko ikasturtean bezala, Lea-Artibaiko 15 ikastetxe eta 2000 ikaslek hartuko dute parte, baina berrikuntza nagusia Busturialdera egin duten saltoa da: “Kooperatiben Mahai Elkarteak finantzatutako egitasmoa izanik, ezin izan dugu Maier enpresa kanpoan utzi. Ekintzak prestatzen eta zehazten laster hasiko gara, zenbait arinen Busturialdean ere martxan jartzeko”.
Lea-Artibain, Lehen Hezkuntzatik hasi eta Prestakuntza Zikloetako ikasleetaraino, eta Busturialdean, DBH eta Batxilergokoek, kooperatiba eta enpresetara bisitak, hitzaldiak, egun bateko egonaldiak eta herri trukaketak egingo dituzte. Horrez gain, ekintza berriak ere sartuko dituzte, “estigmak eta IKTak lantzeko” asmoz: Skype bidezko konferentziak, besteak beste. DBH4n, gainera, emakume zientzialari baten aurkezpena edo solasaldi bat prestatzea dute pentsatuta.
Kooperatiben Mahaia Elkartea 2003. urtean Cikautxok, Eikarrek, Fagor Arrasatek, Kidek, Laboral Kutxak eta Maierrek elkarrekin biltzeko erabakia hartu eta 2008. urtean Azaro Fundazioarekin elkarlana sustatu ostean sortu zuten. Hala, ordura arte egindako ekarpena areagotzeko asmoz, 2017.urtean, beste urrats bat ematea erabaki zuten: eskualdeko eraldaketa sozialerako proiektuak elkarlanean garatzea. Hortik sortu zen Talentatu proiektua, hain zuzen ere.