Zubiaurre margolarien argazkiak eta filmak, Bilboko Arte Ederren Museoan
Ondarroan eta inguruetan ateratako argazkiak eta filmak jaso dira 'Zubiaurretarrak. Memoria grafikoa' izenburupean aurkeztutako erakusketan
Bilboko Arte Ederren Museoak Valentin eta Ramon Zubiaurre margolariek ateratako argazkiak eta filmak jarri ditu ikusgai urriaren 6ra arte; pinturan ezeze, beste diziplina batzuetan ere aritu izan zirela erakusten duten lanak. Kristalezko xafla negatiboak eta kopia positiboak, koadernatuak nahiz solteak bildu dituzte; guztira, 1.200 argazki. Filmak, ostera, 27.
Valentin Zubiaurre eta Ramon Zubiaurre margolariak Madrilen bizi zen euskal jatorriko familia burges batekoak ziren. 1936ko gerrara arte, Ondarroan pasatzen zuten uda. Ondorioz, Zubiaurre margolarien lanetan Ondarroa askotan agertzen da. Baina ez bakarrik mihisetan. Bilboko Arte Ederren Museoan zabaldu den erakusketaren bidez ikusten denez, argazkiak atera eta filmeak ere grabatu zituzten, eta espresio bide horiek aukeratu zituztenean ere Ondarroa fokupean eduki zuten.
Komunitate sentimendu. Zubiaurretarrak. Memoria grafikoa izenburua eman diote Bilboko Arte Ederren Museoan zabaldu duten erakusketari. Familiak emandako argazki eta film funtsean, Valentin eta Ramon Zubiaurreren familia-bizitzaren kronika osatzen da, eta, bide batez, Euskal Herria irudikatzen zuten era. “Zubiaurretarren irudietan, Euskal Herriak garrantzi handia du. Era horretara, paisaia, ondare, erritu eta ohiturak argazkira eta filmeetara eroan zituzten, komunitate bateko kide izatearen sentimendua pizten zietelako”, azaldu dute erakusketaren antolatzaileek.
Jardueren kronika eta oroitzapen diren kontakizunen bidez, euren bizitzari buruzko fikzio moduko bat osatzen dute
Gaztetako lau albumek, Euskal Herrian egindako egonaldien gainekoek, “hurreko lurralde bat” eraikitzen dutela adierazi dute, oroimenaren lurralde bat. “Euren jardueren kronika eta oroitzapen diren kontakizunen bidez, aldi berean, euren bizitzari buruzko fikzio moduko bat osatzen dute”.
Argazkitik filmera. Zubiaurre anaiek gaztetatik erakutsi zuten argazki irudi finkoaren bidez kontatzeko zaletasuna. 1898an argazkilaritzan murgildu ziren; eta zineman, 1929an. Ordutik aurrera, zinemako kamera amateur bat eskuan hartuta, gaztetatik istorioak kontatzeko zetorkien irrika hura beteta, familiaren bizitza erregistratzeari ekin zioten, kasu horretan, irudi mugimenduaren bidez. “Harrigarriena da hainbeste denbora igarota egonda ere, gaztetan argazki bidez erakutsitako ia gauza bera filmatu zutela”, azaldu dute Bilboko Arte Ederren Museoan. Horrela, antolatzaileek diotenez, argazkietan zein filmeetan, gai, kontzeptu eta leku berberak ageri dira. “Horrenbestez, bizitza osoan hain hurrekoa zuten gizarte, kultura eta paisaia errealitate beretik elikatzen da Zubiaurretarren lana; pinturan modura, baita argazkigintzan eta zinemagintzan ere”.
Ondarroari dagokionez, 5. erakusgelan proiektatuko diren grabazioen artean, hirutan agertzen da Ondarroa. Batean, familia Ondarroako hondartzan ageri da, denbora pasan; eta horregaz batera, portuko eta arrantza jarduerako ikuspegiak, itsas adarretik itsasontzian egiten zituzten ibilaldiak eta pilota partida bat ere ageri dira. Beste baten, Berriatura eta Izurtzara egindako ibilaldiko irudiak, Ondarroako portuko bizitza eta familiak itsasadarrean zehar egiten zituen ibialdiak jasota daude. Eta hirugarren baten, Ondarroako hainbat ikuspegi azaltzen dira, Lekeitioko Santa Katalinako itsasargiko ikuspegiekin batera. Seigarren erakusgelako proiekzioan ere badago Ondarroa; ostera ere, portua. Pintura da ardatz erakusgela hartan. “Zubiaurretarren koadroetan aurkitzen dugunaren zati handi bat haien fotografietan eta filmeetan ikusi dugun errealitatea da”, adierazi dute antolatzaileek.
Berbaldia. Erakusketaren baitan, erakusketaren komisarioak, Ricardo Gonzalezek, hitzaldia eskainiko du, hilaren 26an, 19:00etan, museoko Auditoriumean. Argazkilari eta argazkilaritza-historialariak argazkilaritza amateurrari buruz hitz egingo du; haren jatorriaz eta garrantziaz. Gonbidapenak txartel-leihatilan egun berean hartu behar dira, edo webgunean erreserbatu daitezke aldez aurretik, gaurtik aurrera.