LABek bi orduko lanuztea egingo du, krisi klimatikoari buruz hausnartzeko
Larrialdi klimatikoa ikustarazteko nazioarteko mobilizazio eguna da zapatua [irailak 27], eta LABek Lea-Artibaiko egoitzetako pertsianak jaitsi eta jendaurreko arreta etengo du 11:00etatik 13:00etara. Sindikatuak manifestu bat atera du, sortzen ari den larrialdi ekologiko egoera salatuz.
Krisi klimatikoari eman beharreko erantzun ekosozialistari buruz gogoeta egiteko asmoz, LAB sindikatuak bi orduz bere jarduna geldituko du zapatuan [irailak 27]. 11:00etatik 13:00etara. Euskal Herri osoan bezala, Lea-Artibaiko egoitzetako pertsianak jaitsi eta jendaurreko arreta etengo dituzte.
Larrialdi klimatikoa ikustarazteko nazioarteko mobilizazio eguna dela eta, LABek “kapitalismo heteropatriarkal eta ekozidaren aurka agertu eta burujabetza ekosozialista eta feministaren aldeko apustua” berretsi nahi du barikuko mobilizazioarekin. Hala, langileak deitu ditu sindikatuak Bilbon duen egoitza kanpoan batzera, eta era berean, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak egingo duen agerraldiarekin bat egitera. “Sindikatua gelditu egingo da eztabaidarako, hausnarketarako eta ekinbide berriak adosteko”.
Pertsonen eta planetaren jasangarritasuna kapitalismoaren bilakaera bortitzak “kolokan” jartzen duela, eta “langileon bizi zein lan baldintzen prekarietatea” areagotzen duela salatuz, “agenda sozial bat martxan jartzea” eskatzen du LABek. Justizia sozialean oinarritu beharko litzakeen eta “langileon beharrizanak jasoko dituen” printzipio ekologista eta feministak aldarrikatu dituzte, aukerak egikaritzeko burujabetza “ezinbestekoa” dela ohartaraziz: “Argi dugu krisi integral honen aurrean, kapitalismotik sustatzen ari diren proposamen sasiekologistak ez direla inolaz ere alternatiba”.
Manifestua. “Klimaren aldeko mundu mailako mobilizazio egunari” ekiteko, manifestu berezia idatzi du LABek. Idazkian, “larrialdi ekologiko egoera” bat sortzen ari dela, eta horrek “desberdintasun sozialak handitzen” dituela gogorarazi dute: “Pertsona andana klimaren ondorioz migratzera behartzen du, genero desberdintasunean sakontzen du, desberdintasun globalak areagotzen dira… Azken finean, larrialdi ekologikoa mundu guztiko langileon kontrako erasoa da”.
“Denbora galdu gabe”, Euskal Herrian eta mundu zabalean trantsizio ekosozialista baterako oinarriak jarri behar dituztela jasotzen du manifestuak, eta horretarako, LABetik “hainbat urrats” ematena ari direla gogorarazi dute. “III. Nazioarteko Topaketa Ekosozialistetan ateratako ondorioei tiraka, “ekosozialismoaren eta ekofeminismoaren printzipioak sindikatuaren izaerantxertatzea erabaki genuen”, diote. Eta gaineratu dute “printzipio hauek gure proposamen soziosindikalean txertatzea eta sindikatu bezala daukagun praktikan ere inpaktu zuzena izateko konpromisoak zehaztea” aurrez aurre dituzten erronkak direla. Hala, irailaren 27ko etenaldia “bide honetan beste geltoki bat” izango dela dio manifestuak.