Iñaki Errasti Ubera: "Aurten ederki estutu ditugu beste taldeak"
Ondarroako Arraun Elkarteko gizonezkoen taldea zuzentzen bi denboraldi ezinhobe egin ostean, datorren urtean ere taldea entrenatzen jarraitzeko ilusioagaz dago Aginagako arraunlaria.
Iñaki Errasti Uberak (Aginaga, 1979) entrenatzen duen Ondarroa Arraun Elkarteko gizonezkoen taldeak sekulako denboraldia egin du aurten. Errastiren mutilek Eusko Label ligan sendotzea lortu dute (zazpigarren amaitu dute 116 puntugaz), eta 23 urte geroago Kontxarako sailkatu dira, ezustekoa emanda.
Bigarren denboraldia egin duzu Ondarroan entrenatzaile modura. Zer balorazio egingo zenuke?
Hasieran ipinitako helburu guztiak bete ditugu, uste baino emaitza hobeagoekin gainera. Gure helburuetako bat iazko emaitzak hobetzea eta azkarragoak izatea zen. Kontxarako sailkatzea ere nahi genuen, eta azkenean ezarritako helburu denak bete ditugu.
Bi urte daramatzazu Ondarroako taldea entrenatzen. Nola ikusi duzu zeure burua?
Goi mailako talde bat entrenatzen dudan bigarren urtea izan da; aurretik beste bi urte egin nituen Orio B taldea entrenatzen KAE 1 mailan. Entrenatzaile modura gero-eta hobeto ikusten dut neure burua, ziurtasun eta konfidatza handiagoagaz. Emaitzak ere hori ari dira erakusten, eta oso gustura nago egindako lanagaz.
Aurten ligan sendotzea lortu duzue. Hobeto zaudete fisikoki, ala beste arrazoi batengatik izan da emaitza hori?
Iaztik ia ez dugu bajarik eduki; bi baja eduki ditugu bakarrik eta beste lau bat ere etorri dira taldera. Iaz arraunlari aldetik nahikoa estu ibili ginen, baina aurten hogei arraunlari eta bi patroi izan ditugu. Kopuru hori oso handia da, eta hori dela eta, astebukaerero arraunlariak txandakatzen joan naiz. Estropada bakoitzean zazpi arraunlari txandakatu ditut, patroia ere bai. Modu horretara, talde guztiak parte hartzeko aukera eduki du, eta denboraldi bukaerara ondo ailegatu gara, beste freskotasun puntu bategaz. Hori bai, txandakatzeak fisikoki abantaila eman badigu ere, talde blokea eratzeko garaian ez da hain erraza izan.
“Iaz arraunlari aldetik nahikoa estu ibili ginen, baina aurten hogei arraunlari eta bi patroi izan ditugu”
Ondarroa moduko talde batean harrobiak garrantzia handia du. Zelako taldea izan duzu?
Orain bi urte hasi nintzenean hamabi edo hamahiru baja egon ziren, eta taldea osatu ezinik ibili ginen. Jendeari iruditzen zitzaion taldea sailkapenaren atzeko aldean sufritzen ibiliko zela, eta inor ez zen Ondarroara etortzen ausartzen. Ondarroa talde oso ona da. Goi mailan ibili gara, eta arraun egiteko gogoa eta ilusioa duen jendea batu dugu, eta hori nabaria da; aurten ederki estutu ditugu beste taldeak.
Ia iazko talde osoa mantendu duzue aurten. Hori ere igarriko zen, ezta?
Taldearen bizkarrezurra mantendu dugu, eta iazko lana ere hor zegoen.
Taldea entrenatzeaz gain, traineru barruan ere arraun ere egiten duzu.
Egia esan, arraunlari eta entrenatzailea aldi berean izatea oso nekagarria da. Iaz jende aldetik oso justu ibili ginen, eta ia beti barruan joan beharra izaten nuen. Aurten, berriz, ardura hori tartekatzeko aukera eduki dut, eta kanpotik ibilita nire burua freskoago mantentzeko aukera izan dut; momentu garrantzitsuetan, gainera, taldeari gehiago emateko aukera eduki dut.
Non konpontzen zarete hobeto, itsasoan ala errekan?
Itsasoan hobeto konpontzen gara, baina errekan ere oso estropada onak egin ditugu. Watt aldetik nahikoa mugatuta gaude, eta zaila da talde batzuen aurka ibaiko ur baretan aurrea hartzea. Ondarroan itsasoa berta-bertan dugu, eta ibaia ere ez da ibiltzeko oso aproposa. Itsaso oso txarra ez badago itsasora ateratzen saiatzen gara. Itsasoan sartu ditugun orduek azkenean bere fruitua eman dute. Itsaso txarreko estropadetan, tartean Kontxako sailkapen estropadan, ezusteko handia eman dugu; emaitza horiek ez dira halabeharrez lortzen.
Denboraldi bukaera zirraragarria eskaini duzue.
Dena oso borobil atera zaigu, eta gustura amaitu dugu. Uztaila bukaeran hasi gara emaitza onak igartzen. Hain justu hitzordurik garrantzitsuenetara oso ondo ailegatu gara, gure mailarik onenean. Euskadiko txapelketa oso estropada ona eginda laugarren amaitu genuen eta uztaila bukaeran Bilboko ibaian ere nahikoa estropada onak egin genituen. Zarauzko estropadan ere bi estropada oso onak egin genituen, eta domekan bigarrengo txanda irabazi genuen, Urdaibai eta Donostia moduko taldeak atzean lagata; Ondarroak emaitza hori estreinako lortu du. Bi talde horiek duten maila ikusita, guretzako lorpen handia izan da.
“Arraunlari eta entrenatzailea aldi berean izatea oso nekagarria da”
Iaz 2,66 segundogatik Kontxako atarian geratu zineten. Aurten arantzatxoa kentzea lortu duzuela esango zenuke?
Bai, arantza kendu eta gehiago egin dugula esango nuke. Azkenean dena borobil atera da. Kontxarako sailkatzeko esperantza bagenuen, eta aukerak ere nahikoa garbi zeuden, nahiz eta erraza ez izan. Dena egun batera jokatzen duzu, eta 20 minututan gauzak ondo egin behar dira. Azkenean sailkatzea lortu genuen, zelan gainera! Han dena lehertu zen. Jendea ere zoratzen utzi genuen, eta niretzako sekula ahaztuko ez dudan momentuetako bat izango da. Ondarroarekin bizitakoak Kontxa irabazteak beste edo ilusio gehiago egin zidan.
Zelako giroa egon zen traineruan eta taldean Kontxarako sailkepenean lehen postua lortu zenutela jakitean?
Nik garbi nuen bandera irabazteko aukerarik ez genuela edukiko. Niretzako garrantzitsuena sailkatzea zen, eta berdin izango zen zazpigarren edo lehen amaitzea. Argi nuen mutilak aldatzen jarraituko nuela, eta halaxe egin nuen. Kontxan behin ere parte hartu ez duten hamahiru arraunlari ibili dira Ondarroan, eta gertaera hori niretzako oso positiboa da. Erakutsi dugun maila oso ona izan da; gustura geratu naiz egin dugun lanagaz.
Kontxa berezia izaten da arraunlariontzat. Zertan bereizten dela esango zenuke?
Kontxa arraunaren Olinpiar Jokoak dira, eta arraunlariontzako hitzordu garrantzitsua izaten da. Arraunean hasten garenean denon ametsa Kontxan aritzea izaten da, eta aukera hori bizitzea oso polita da; portuan dagoen giroa, zenbat zale batzen diren… Hori oso berezia da.
Eta liga amaitzeko, Portugaleten bandera eskuratzeko zorian egon zarete.
Aukera hor egon zen. Sekulako maila eman genuen. Gure txandan bigarren kalea ona zen, baina eskatzen hasita, Urdaibai laugarren edo hirugarren kaletik joan izan balitz, beharbada bandera gurea izango zen. Hori bai, Urdabai moduko talde bat beraien bertsiorik onena ematera derrigortu genuen.
Zaleen bihotzak bete dituzue aurten.
Zaleengandik oso babestuta sentitu gara, beti jarraitu gaituzte. Kontxan bizi izan dena eta ikusi dena ere ikusgarria izan da. Ondarroa oso arraunzalea da, eta hainbeste urte eta gero herritarrek berriz ere Kontxara bueltatzeko gogoa zutela ikusi da. Uste dut herriak ere gurekin batera gozatu egin duela, eta guztien babesa eskertu nahiko nuke. Oso polita izan da.