271 umek parte hartu dute Ondarroako 21. Arrantza Lehiaketan
Antolatzaileek agertu dutenez, Ondarroatik ez eze, eskualdetik etorritakoek ere parte hartu dute lehiaketan. Horiez gain, hurrunagotik etorritakoak ere izan dira: Azkoitia, Santurtzi, Bilbo, Zornotza... eta beste hainbat lekutakoak.
Arrigorri itsas arrantza elkarteak antolatuta, gaur [irailak 28] 21. Umeen Arrantza Lehiaketa egin dute. Hutsik egin barik, ume ugarik erantzun diote deialdiari. Antolatzaileek igorritako datuen arabera, 4 urtetik 14 urtera bitarteko 271 gaztetxo batu dira lehiaketan, eta kopurua beste urte batzuetakoa baino txikiagoa izan baldin bada ere, giro onik ez da falta izan. “Gaur marea biziak eta olatu handia egon dira, eta horrek ere arrantzan eragin du”.
Parte hartzaileak 14:00etan batu dira Musika Plazan, eta handik txistularien atzetik kalejiran ibili dira kainaberak hartuta. Kalejira Itsasaurren amaitu orduko lehiaketari hasiera eman dion txupina jaurti dute, eta behin bolandera hotsa entzun orduko, parte hartzaileak arrantza tokirik aproposenaren bila abiatu dira. Nork bere postua hartu, eta 15:00ak inguruan, kainaberetan ondo-ondo lotutako amuak uretara jaurtitzen hasi dira Zubi Barritik kai musturrera arteko tartean.
Eguraldiak lagunduta, Artibai ibaiaren alboak eta portuko txoko gehienak bete dituzte arrantzale gazteek. Ondarroako uretan ibili daitezkeen arrain guztiak arrantzatu ahal izan dituzte, lazuna izan ezik. Lagunartean zein gurasoek emandako aholkuak jarraituta, pozik ibili dira kainaberak uretara jaurti eta jaurti.
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Ohitura den legez, txupinaren eztandak iragarri du harrapaketaren amaiera. 17:00etan bota dute bolandera. Parte hartzaileek ordurako arrantzatutako arrainak, kainaberak eta aparejuak jaso, eta frontoirako bidea hartu dute. Nork bere harrapakinak hartu, eta antolatzaileen aurrean aurkeztu dituzte banan-banan. Eta antolatzaileek arrain guztiak pisatzen eta zenbatzen egon diren bitartean, Herribixikoek berotu dute giroa, frontoiko harmailetan batu direnei irribarrea eraginez. Ostean, sari banaketagaz hasi dira.
Lehendabizi, estreinako lehiaketan parte hartu duten 4 urtekoen artean zozketa egin dute. Parte hartzaile gazteenei dagokien saria Haran Garate eta Amets Lourorentzat izan da. Arrain pisutsuena jaso duena, berriz, Ganix Lete izan da; 1.150 gramoko aingira harrapatu du 11 urteko ondarrutarrak.
4 eta 8 urte bitarteko irabazlea Aitor Meda Sanchez 7 urteko azkoitiarra izan da, 35 arrainegaz. Haitz Martin ondarrutarra izan da bigarren sailkatua, 24gaz eta Jon Malasetxebarria ondarrutarra hirugarren, 23gaz. 9 eta 14 urte bitartekoen kategorian, Ainar Muñoz 12 urteko ondarrutarrk erakutsi du aurten ere trebeziarik handiena, 40 arrainegaz. Izaro Oñederra ondarrutarra izan da bigarren (36 arrain) eta Julen Cereceda ondarrutarra hirugarren (27 arrain). Gainerako parte hartzaileak ere ez dira esku hutsik joan. Guztiek opariak eta gozokiak eduki dituzte.