Organikoa jasotzeko poltsak agortu egin dira Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Lekeition
Aurreikuspenen arabera, urriaren 11ra arte ez da poltsa organikorik egongo.
Organikoak jasotzeko poltsak agortu egin dira Markina-Xemeingo, Ondarroako eta Lekeitioko makinetan.
Poltsak hornitzearen ardura zuen enpresak kontratua amaitu du, eta Bolsas Castresana SL enpresa berriak makinak berriz bete arte ez da organikoen poltsarik eskuratu ahal izango. Urriaren 11rako poltsak eskuragarri egongo direla jakinarazi du Lea-Artibaiko Amankomunazgoak. Markina-Xemeinen poltsak hartzeko makinan jarri duten oharrak dio arazoa konpondu bitartean herritarrek poltsak saltokietan erosi ahalko dituztela.
Amankomunazgoak zehaztu duenez, organikoa batzeko proiektu pilotua amaitu eta gero, herritarren eskaerei erantzuteko poltsak erostea erabaki zuten. Ondorioz, uztailaren 29an Amankomunazgoak poltsak eta ontziak hornitzeko enpresak kontratatzeko oinarri administrabibo eta teknikoak argitaratu zituen. Aurkeztutako proposamen guztiak aztertu eta baloratu ostean, poltsen eta ontzien tamainaren arabera ondoko enpresak kontratatzea erabaki zen: Bolsas Castresana SL (10 litroko poltsak –etxebizitzetarako–), Moheda & Rañal SL (40 litroko poltsak –zabor sortzaile handientzako–), Amtevo Medio Ambiental (10 litroko ontzi marroiak) eta ID-Waste SL (40 litroko ontziak).

Organikoak jasotzeko Markina-Xemeinen dagoen makina.