Asier Juaristi: "Azken asteotan otordu kopurua gutxitu egin behar izan dugu"
Aurreko astean Moriako kanpalekuan oso une lazgarriak bizi izan zituzten bertan dauden errefuxiatuek. Mutrikuarra ere hantxe zegoen, otorduak banatzen.
Bi asteko oporraldia bestelako eran pasatzen ari da Asier Juaristi Iparragirre (Mutriku, 1990). Greziako Lesbos irlan dago egunotan. Etzi Mutrikura bueltatu bitartean, Zaporeak Proiektuaren baitan boluntario moduan ari da lanean, errefuxiatuentzako otorduak sukaldatzen eta prestatzen.
Zergatik egin duzu Zaporeak Proiektuarekin bat?
Lagun batek komentatu zidan, eta joatea erabaki nuen.
Zenbat boluntario zarete guztira taldean?
Hamar bat laguneko taldeak osatzen dituzte. Normalean jendea hirunaka etorri eta joaten da. Orain hamar lagun gaude, eta gurekin batera lan egitera pare bat errefuxiatu ere etortzen da.
Zelakoa da zuen egunerokoa?
Lanaren arabera, 09:00ak- 10:00ak aldera etortzen gara. Goizean, janaria prestatzen ibiltzen gara. Eta gero, bazkaltzera joaten gara. Bazkalostean, prestatutako janari hori banaketa egiteko prestatzen dugu. Goazen tokiaren arabera, 16:30ak edo 19:30ak hasten dugu banaketa.
Zaporeak Proiektua errefuxiatuei otorduak prestatzeaz arduratzen da. Egunero zenbat laguni ematen diozue jaten?
Berez, helburua, egunean 1.800 otordu ematea da. Zaporeak Proiektukoak Moriako eremuan daudenetik hala ibili dira. Guk prestatzen ditugun otorduak beste erakunde batzuei ematen dizkiegu, eta haiek arduratzen dira banaketarekin. Baina erakunde horietan arazoak egon dira, eta azken pare bat asteotan otordu kopurua gutxitu egin behar izan dugu.
Zenbat otordu ari zarete prestatzen orain?
Aurreko asteburuan Moriako kanpalekuan istiluak egon ziren, eta 1.800 otordu banatu genituen, baina bestelakoan, 600 bat otordu ari gara prestatzen.
Tamalez, otorduak batzen dituzuen Moriako kanpalekua albiste izan da egunotan. Bi sute egon dira, eta datuen arabera, ama eta alaba bat hil dira.
Zapatuan, dirudienez, kanpalekuko etxola batek su hartu zuen. Jendea, egia esan, oso urduri ipini zen. Berez 3.000 pertsonantzako den leku batean 13.000 pertsona ari dira bizitzen.
Suteek kezka piztu eta izua eragin zuten kanpalekuan. Momentu hori zelan bizi izan zenuten bertatik bertara?
Egun horretan 1.800 jatordu banatzeko asmoa genuen, eta furgonetan gindoazela konturatu ginen zerbait gertatu zela. Gerturatzen hasi ginen momentuan konturatu ginen arazoak zeudela. Moriako sarrera biak itxita topatu genituen, eta egoera lasaitu zen arte ezin izan genuen eremu barrura sartu. Jendea oso urduri ikusi genuen, izan ere, egoera ere ez zen onena. Hori bai, normala baino beranduago eta tentsio handiagorekin, baina posible izan zen prestaturiko dena banatzea. Zapatu arratsaldean izan zen gertaera, baina domeka goizerako egoera nahikoa baretuagoa zegoen.
Lesbos uharteko Moria atxikitze gunean ari zarete lanean. Eremurik latzena dela diote jendea muturruko baldintzetan bizi delako. Egoera zelan dago?
Egunero-egunero ari dira Lesbosera errefuxiatuak iristen. Egia esan, beste herrialde batera eta penintsulara bidali aurretik, hemen luze egon daitezke. Hemen sei urte daramatzan pertsona bat ezagutzen dugu, esate baterako. Baina bakoitzaren errealitatea, jatorria edo egoera pertsonala bata bestearengandik oso desberdinak dira, eta horren arabera banatzen dituzte.