Euskal Herriko aizkora txapelketetan parte hartuko dute Ugaitz eta Aratz Mugertza mutrikuarrek
Euskadiko Herri Kirol Federakundeak antolatuta, Euskal Herriko aizkora txapelketen kanporaketak jokatuko dituzte asteburuan. Besteak beste, maila nagusi bietako kanporaketak jokatuko dira, eta bertan parte hartuko dute Ugaitz eta Aratz Mugertza aizkolari mutrikuarrek.
Lehendabizi jokatuko duten kanporaketa lehen mailakoa izango da. Zapatuan [urriak 5] jokatuko da norgehiagoka Gasteizko Foruen Plazan, 18:00etan hasita. Antolakuntzak jakitera eman duenez, lehen maila osatzen duten hamabi aizkolarietatik hamaika ariko dira nor baino nor azkarrago. “Joseba Otaegik ez aritzea erabaki du. Ondorioz, 2020rako bigarren mailara jaitsiko dira”.
Mugertza II.ak honakoen aurka egin beharko ditu lanak: Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Mikel Larrañaga, Jesus Mari Mujika, Luis Txapartegi, Jon Rekondo, Eneko Otaño, Iker Vicente, Julen Alberdi eta Ruben Saralegi. Lanei dagokienez, parte hartzaile bakoitzak seina pago enbor moztu beharko ditu; bina kanaerdiko, bina 60 ontzako eta bina oinbiko.
Kanporaketan emaitzarik onena eskuratzen duten lehen sei aizkolariek finalerako txartela lortuko dute zuzenean. Finala urriaren 27an jokatuko dute, 12:00etan, Gasteizko Iradier Arenan.
Bigarren mailako kanporaketa, berriz, domekan [urriak 6] jokatuko dute, 18:00etan hasita, Etxarri-Aranazko pilotalekuan. Aditzera eman dutenez, bigarren maila osatzen duten hamalau aizkolarietatik hamahiru ariko dira finalerako txartela irabazteko lehian. “Osasun arazoak direla eta, Julen Kañamaresek ezingo dela aritu jakinarazi digu”.
Aizkolariek bost pago enbor moztu beharko dituzte denetara: hiruna kanaerdiko, 60 ontzako bana eta oinbiko bana. Mugertza III.a honako arerioen aurka ariko da: Arkaitz Jauregi, Juan Jose Lopez Azpilikueta, Eloy Corchero, Oihan Larretxea, Julen Larrea, Jose Antonio Etxeberria, Hodei Ezpeleta, Oier Kañamares, Jon Irazu, Iban Resano, Xabier Zaldua eta Asier Pellejero.
Kasu honetan ere, finalerako txartela egongo da jokoan; hurrengo fasera igarotzeko aukera lehen sei sailkatuek eskuratuko dute. Finala urriaren 19an jokatuko da, 18:00etan hasita, Altsasuko Burunda pilotalekuan.