Lea Ibilbideko IX. Martxak ehunka herritar batuko ditu beste behin ere
Ibilbide luzea egingo dutenak 08:15ean hasiko dira bidea egiten (20,5 kilometro), eta 10:30ean ibilbide laburrekoak aterako dira, Aulestitik (6 kilometro)
Zapatuan [urriak 5] egingo dute Lea Ibilbideko IX. Martxa, eta parte hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran, eskualdeko herriak zeharkatuz. Antolatzaileek barikuan emango dute jakitera zenbat pertsonek eman duten izena, eta gogorarazi dute egunean bertan ezingo dutela izenik eman.
Ibilbide luzeak 20,5 kilometro ditu eta Marierrotan (Mendexa) hasiko da, 08:15ean. Munitibarrera iritsi aurretik, Amoroto, Gizaburuaga eta Aulesti igaroko dituzte. Laburrak, bestalde, 6 kilometro ditu eta Aulestiko Errekondo parkean da, 10:30ean.
Ibilbidean zehar bi hornidura-puntu izango dituzte parte hartzen dutenek, bata Gizaburuagako Errotazarren, eta bestea Aulestiko parkean.
Ibilbidearen bukaeran kopaua izango dute ibiltariek, Bengolako parkean, 12:00etatik aurrera. Gainera, 13:00etan Lea Ibarreko jatetxe batean 100 euroko jatordu bat zozkatuko dute.