Urriaren 18an bukatuko da Aulestiko ikastaroetan izena emateko epea
Aulestiko Urzabal Guraso Elkarteak azarotik maiatza bukaerara bitartean eskainiko dituzten ikastaroen berri eman du.
Urzabal Guraso Elkarteko kideek, Aulestiko Udalaren laguntzagaz, 2019/2020 ikasturterako ikastaroak prestatu ditu. Urriaren 18a da horietan izena emateko azken eguna, eta, horretarako, interesatuek Josune dendara jo beharko dute.
Urtero urtero, azarotik maiatza bukaera bitartean ume, gazte zein nagusientzako ikastaroak antolatzen dituzte Aulestin, eta aurten, berrikuntza bi izango ditu: Psikomotrizitate (astelehenetan 17:00etan) eta Multikirolak ikastaroak (zapatuetan, ordua zehaztu gabe dago).
Azken bi ikasturteetan inguruko herrietan garrantzia hartu duela jakitun, Urzabal Guraso Elkarteko kideek lehenengoz eskainiko dituzte psikomotrizitateari lotutako saioak. “0-6 urte bitarteko haurrengan pentsatuz, eta tarte horretan hutsune bat izan dugula kontuan izanik, ideia ona iruditu zaigu”. Bestalde, futbola bakarrik izan dute orain arte 6 urtetik gorako neska-mutilek aukeran, baina eskaintza zabaldu dute. “Ea nolako erantzuna izaten duen”.
Zumba (zapatuetan, 12:30ean), GAP (barikuetan, ordua zehazteko dago) eta Euskal Dantzak (zapatuetan, 11:30ean) dira parte hartzaile gehien erakartzen dituzten ikastaroak: “Talde oso politak osatu izan ditugu aurreko ikasturteetan”. Euskal Dantzak San Juan egunera arte luzatuko dituztela ohartarazi dute, egunean bertan emanaldi berezia egiten baitute.
Musika Eskolako saioak urrian hasi dituzte (martitzenetan eta eguenetan, 17:00etan), baina gitarra klaseak ere izango dituzte azaroan hasita, bigarrenez, herritarrek aukeran, egun berberetan (18:00etan).