Augustin Zubikarai Nobela Beka irabazitako '33 ezkil' liburua zinema aretoetara eramango dute
Imanol Rayo zinemagileak Miren Gorrotxategiren nobela hartu du oinarri eta 'Hil-kanpaiak' filmatzen ari da. Genero beltza eta tragedia uztartzen ditu filmak
Ondarroako XV. Augustin Zubikarai Nobela Beka irabazita, idazle azpeitiarrak 2016an aurkeztu zuen 33 ezkil bere lehen eleberria. Orain, Imanol Rayo zinemagile iruindarra Gorrotxategiren eleberria oinarri hartuta Hil-kanpaiak filma grabatzen ari da. Momentuz hiru aste daramatzate grabatzen, eta besteak beste, ondoko aktoreak ardi dira lanean: Itziar Ituño, Eneko Sagardoy, Yon Gonzalez eta Dorleta Urretabizkaia.
Rayok ezer gutxi aurreratu nahi izan du, baina misterioz jositako istorioa dela argi utzi du. Baserri batean hezur batzuk agertu direla, hori da istorioaren abiapuntuko misterioa. “Hobe ahalik eta gutxien esatea, oso film gorabeheratsua baita istorio aldetik, eta oso dosifikatua informazio aldetik”.
Zehaztu duenez, gidoia egiterakoan istorioari aldaketa ugari egin dizkiote. “Nobelaren egitura egin zitzaidan interesgarria”, azaldu du Rayok: “Oso egitura berezia du —oso eliptikoa da, oso zatikatua—, eta egitura horrek ezaugarri asko zituen ikuspuntu zinematografikotik begiratuta. Niri neuri asko interesatzen zait elipsia zineman, eta proiektuan sartzeko bide bat argi ikusi nuen hor”. Istorioaren nondik norakoak ere interesatu zitzaizkion, baita horiek kontatzeko era “desorekatu, gorabeheratsu eta zatikatua” ere. “Kontatzeko era horrek ezaugarri oso bereziak ditu, eta, egiturari eutsiz baina gainontzeko guztia aldatuz, esentzian geratzen saiatu gara”. Gorrotxategiren lana genero beltzekoa izateak ere erakarri zuen, euskal zineman ez baita genero ohikoena, zuzendariaren ustez.
Misterioaren haria ez dute askatu nahi izan Itziar Ituño eta Eneko Sagardoi aktoreek ere, baina beren pertsonaien zenbait gako eman dituzte. Ama-semeak dira filmean. “Gaztea zenetik asko sufritu duen emakume bat da Karmen, eta sufritzen jarraitzen du. Bere bizitza ez da batere erraza izan, eta emakume gogorra da kanpotik, baina barruan bonba bat duelako”, esan du Ituñok.
Sagardoik, ostera, bi rol jokatu ditu: “Nagusia Nestor da, Karmen eta Ferminen semea. Eta Nestorren tragedia handia izan da gaztetan bere anaia bikia galdu zuela; hil egin zuten, eta zauri horrekin hazi da”. Baserriko “giro hotza” gehitu behar zaio horri, aktorearen hitzetan. “Amarekin ez dauka ia batere komunikaziorik; aitarekin zertxobait gehiago, baina oso giro hotza da”. Hasieran, baserrian hezurrak agertzearekin, “Nestorri eta pertsonaia guztiei ezinbestean iragana mugitzen” hasiko zaiela azaldu du, eta “horri aurre egitera” eramango dituela egoerak. Aitorren rola ere jokatzen du Sagardoik, gazte garaian agertzen den beste anaiarena; “Nestorrekin alderatuta, askoz ere pertsona inpultsiboagoa da, arriskatuagoa, burubakoagoa, baina amaren kutuna, igual horretan antza dutelako”.
Dena zatika filmatzen ari direla nabarmendu dute. “Emaitza oraindik inkognita bat den pelikula horietako bat da, baina hori polita ere bada”, Sagardoik. Eta Rayok “zigilu propioa” duela ere azpimarratu dute. “Autorea da, badu bere gustua, badaki zelan kontatu gura duen, eta zein den hizkuntza audiobisuala; eta hori oso gutxitan topatzen duzu”, azaldu du Ituñok.