Maitasunez betetako besarkadek hartu dute Ondarroako Itsasaurre Plaza
Ekai Lersundiren gurasoek aurreratu dutenez, ekimena urtero errepikatzeko asmoa dute. Bertaratu direnei eskerrak eman dizkiete.
Atzo [urriak 13], Ekai Lersundi Martinez ondarrutar gazteak 18 urte beteko zituen egunean, gaztea gogoratzeko Aniztasunaren Besarkada Eguna ospatu zuten Ondarroako Itsasaurre Plazan. Haren hurrekoek antolatuta, maitasunez betetako urtebetetze opari berezia egin nahi izan zioten semeari.
Ekimenaren bitartez, azken hilabeteotan jaso dituzten besarkaden bidez sentitutako babes guztia eskertzeko aukera izan zuten Ekai Lersundiren gurasoek eta hurrekoek.”Ekai hil osteko omenaldian besarkada asko eman zizkidaten. Besarkaden bidez niri transmititu didatena bueltan jendeari transmititzea nahi izan dut, eta horregatik sortu dugu ekimena”, azaldu zuen Elaxar Lersundik.
Lagun talde handi bat batu zen Itsasaurreko oroitorriaren parean ezagun eta ezagunei maitasuna agertu eta besarkadak ematera. Ekai Lersundiren gurasoek ekimenera hurreratutako herritarren babesa ere eskertu nahi izan zuten erabat hunkituta. “Besarkaden bidez eman diguzuen indarra eta maitasuna eskertu nahiko genuke”.
Naizen Adingabe Transexualen Guraso Elkarteko hainbat kide ere izan ziren ekimenean, eta Lersundiren gurasoen aldamenean izan zen baita ere, 2015eko abenduan Bartzelonako Rubi herrian zendutako Alan gaztearen ama ere.
Ekimenaren ardatza elkar besarkatzea izan bazen ere, Iñaki Lersundi Bertsutan bertsozale taldeko kidearen bertsoekin hasi zuten jarduera. Bertsolariak Ekai Lersundi zoriondu zuen bertsoen bidez. “Naizena izan beharraren” garrantzia ere azpirratu zuen, “behar izanaren gainetik”.
Jarraian, Andrabandako danbor hotsekin jarraitu zuten, bertaratutakoak dantzan jarriz. Azkenik, elkarri besarkadak banatzen ibili ziren, eta ekimena borobiltzeko, denak elkartu eta besarkada kolektibo bat eman zuten, maitasun-adierazpen amaigabeekin betetako besarkada erraldoi bakarra osatuz.
Ekimenaren ostean Ekairen eta Alanen gurasoek eskerrak eman zizkieten bertaratu ziren guztiei. “Indarrez beteta irten dugu hemendik. Ekimena oso polita izan da”. Aurreratu dutenez, Aniztasunaren Besarkada Eguna urtero errepikatzeko asmoa dute, urriaren bigarren domekan. “Ea lortzen dugun Ondarroan esperientzia hau errotzea. Denontzako da ona eta. Eskerrik asko, eta besarkada bat etorri zareten denoi”.