Aulestiko XIV. Ermitatik Ermitara mendi martxak 585 bat lagun batuko ditu
Zapatuan [urriak 19] egingo dute, eta ibiltariek hiru ibilbide izango dituzte aukeran. 08:00etan ekingo diote ibilbide luzeari eta bereziari; 10:30ean laburrari. Txakurrak eramatea debekatuta dagoela gogorarazi dute antolatzaileek.
585 lagun inguru batuko dira Aulestiko XIV. Ermitatik Ermitara mendi martxan. Zapatuan [urriaren 19a] egingo dute, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, egunean bertan ere, herriko plazan, izena emateko aukera egongo da. Hala ere, kasu horretan ibiltariek ez dute kamiseta ziurtatuta izango.
Hiru ibilbide prestatu dituzte zapaturako. Aulestiko plazatik hasi eta bukatuko dira ibilbide luzea (25 kilometro) eta berezia (29 kilometro). 08:00etan ekingo diote martxari eta San Anton, Goierri, Urregarai, Malats, Ibarrola eta Garatxaga igaroko dituzte. Lekerikan banandu egingo dira. Luzekoek zuzenean joko dute Aulestira, eta berezikoek Iluntzar igo beharko dute, lehenengo. Ibilbide laburra, 10 kilometrokoa, herriko parkean hasiko dute ibiltariek, 10:30ean.
Mendi martxaren antolatzaileek esan dute aurten ordutegiak finkatu nahi izan dituztela, horregatik, kopaua zehazki 12:00etatik 15:00etara eskainiko dutela adierazi dute. Horrez gain, gogoratu dute aurrekoetan bezala txakurrak eramatea debekatuta dagoela.