Azaroaren hasieran zozkatuko dituzte Ondarroako Ibaiondoko aparkalekuak
Udalak igorritako datuen arabera, 137 aparkaleku zeuden aukeran, hortik zortzi trastelekuagaz, eta 65 eskaera jaso dituzte. Beraz, eskatzaile guztiek aparkalekua emakidan erosteko aukera izango dute.
Irailaren 20an itxi zuten Txomin Agirre ikastolaren azpiko aparkalekuetan zein trastelekuetan izena emateko epea. Ondarroako udal iturriek jakitera eman dutenez, eta aurreikuspenak betetzen badira, azaroaren hasieran egingo dute zozketa publikoa.
Hain zuzen ere, datorren astean emango dute jakitera onartutako eskatzaileen behin-behineko zerrenda. Alegazioak egiteko hamar eguneko epea igaro ostean, udalak aurrerago zehaztuko duen datan egingo dute jendaurreko zozketa publikoa. Irisgarritasuna bermatzeko, Kofradia Zaharrean egingo dute zozketa.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkatea pozik agertu da deialdiak eduki duen erantzunagaz. Udalak igorritako datuen arabera, 137 aparkaleku zeuden aukeran, hortik zortzi trastelekuagaz, eta 65 eskaera jaso dituzte. Beraz, eskatzaile guztiek aparkalekua emakidan erosteko aukera izango dutela nabarmendu dute. “Zozketa, lehenengo, trastelekua eskatu dutenen artean egingo dugu. Eskaerak gehiago izan dira eta. Ondoren, bakoitzari zer aparkaleku egokituko zaion zozkatuko da”.
Iragarri duenez, libre geratuko diren gainontzeko lekuak aurrerago eskatzeko aukera egongo da. “Geratzen diren aparkalekuekin zer egin aztertu beharko dugu. Baina, gure asmoa, beti ere, jasotzen ditugun eskarien arabera, zozketak egiten jarraitzea da. Eskari nahikoa jasoz gero, hiru edo lau hilabeteren buruan beste zozketa bat egingo genuke”.