Garoa Arizmendi: "Lana soinu aldetik ikaragarri geratu dela iruditzen zait"
'Marea morea’ estudioko bigarren lana kaleratu du Garoa boskoteak. Pop-rock estiloko zazpi kantu batzen dituen lana emakumeei zuzenduta dagoela aurreratu du taldeko abeslariak.
Ekainaren hasieran estudioko bigarren lana kaleratu zuen Garoa Arizmendi Urkiza (Mutriku, 1979) buru duen Garoa boskoteak. Iñigo Larrinaga gitarra jotzaile ondarrutarrarekin, Iñigo Zubeldia bateria jotzaile elosuarrarekin, Mattin Ostolaza baxu zarauztarrarekin eta Mikel Lazkano gitarra jotzaile zarauztarrarekin batera zazpi kantuz jantzitako eta autoekoitzitako Marea morea diskoarekin datoz besapean.
Entzuleak zein ezberdintasun aurkituko ditu Hariak hautsiz zuen estreinako lanarekin alderatuta?
Dudarik gabe, bigarren estudioko lan hau landuagoa eta lasaiagoa dela esango nuke. Lehenengo diskoan nik aurretik idatzita nituen kantuak hasi nintzen grabatzen, eta diskoa sortzeko behar izan genituen kolaborazioetatik sortu zen gaur egun ezagutzen dugun taldea. Bigarren lan honen atzetik talde lanaren esentzia nabarmentzen dela esango nuke.
Marea Morea lana zerk egiten du berezi?
Bigarren disko hau emakumeei loturikoa eta eskainitakoa da. Emakumea da protagonista, eta hori horrela izatea guretzat oso berezia izan da.
Diskoa jartzerakoan, zelako kantuak entzun ahal dira?
Nire ustez, barrua ikutzen eta mugitzen duten kantuak dira.
Soinuari dagokionez, pop-rock parametroetan jarraitzen duzue ala beste musika batzuen eragina igartzen da?
Pop-rocka da nagusi, baina bestelako eraginak ere sumatzen dira. Bost behatz izeneko kantuan, esaterako, Bad Soun Systemeko Morok parte hartu du. Berak abestu du, eta gure formatutik oso ezberdina da; reggae eta hip hopa nahasten dituen ikutua eman dio kantuari.
Zeri buruz berba egiten du Bost behatz kantuak?
Emakumeei loturiko abesti bat da. Amonei eskaini nahi izan diegu, matriarkatua goraipatuz.
Zazpi kantu jaso dituzue oraingoan. Kantu horien artean badago zuretzat berezia denik?
Egia esanda, denak dira bereziak. Nik, pertsonalki, bateren bat aukeratzekotan, Dena emanaz aukeratuko nuke. Oso berezia da niretzat. Marea morea kantua, berriz, zuzenekoetan oso berezia bihurtzen da. Kantu honek zuzenekoetan sortzen duen magia hori Marea moreak lortzen du. Zuzenekoetan akustiko eran jotzen dugu Marea morea kantua, hain zuzen, eta publikoarekin lotura indartsua lortzen dugulako egiten du berezia.
Beste kantuek zer gairi egiten diote aipamena?
Dena emanaz kantua, esaterako, bihotz kontuei gehiago lotuta dagoen kantua da. Etorkizunari ez zaiola horrenbeste begiratu behar dio kantuak, eta momentua bizi behar dela nabarmentzen dute hitzek. Gainontzeko kantuek, oro har, bizitzari buruzko hainbat alorri buruz berba egiten dute.
Kantuetako hitzak oraingoan ere zuk idatzi dituzu?
Egia esan, barruan dudana adierazteko eta kanporatzeko era bat dira kantuak. Etengabe ari naiz kantuak eta melodiak sortzen. Lehenengo melodia konposatzen dut gitarraren laguntzarekin, eta ondoren, hitzak sortzen hasten naiz. Taldearen laguntzarekin, gero, hasieran sortutakoa borobiltzen eta osatzen joaten gara. Egiletzari dagokionez, bat izan ezik, kantu denak nik idatzi ditut. Salbuespena Ekai kantua izan da. Arkaitz Estiballesek idatzi ditu hitzak, eta abesti honetan Su Ta Garreko Aitor Gorosabelek eta Bad Sound Systemeko Morok kolaboratu dute. Morok rapeatzen duen zatia, gainera, Morok berak idatzi du.
Ekai Lersundi Martinez ondarrutar gazteari buruz egindako Ekai kantua ere berezia izango da zuentzat.
Bai, hala da. Iñigo Larrinaga taldeko gitarra jotzaile ondarrutarra Ekairen oso hurrekoa da. Oso ondo ezagutzen zuen, baita haren gurasoak ere. Baina kantua ez zen Iñigoren ideia izan. Beste taldekide baten ideia izan zen. Gaiak errespetu handia eragiten zigun, eta hasiera batean kantua ez egitekotan ere egon ginen. Baina Iñigo Ekairen hurrekoa zenez, haren gurasoekin ipini zen harremanetan. Kantua egiteko baimena eskatu zien gurasoei, eta haiek baiezkoa eman ondoren, aurrera egitea erabaki genuen.
Diskoan beste inoren parte hartzerik eduki duzue?
Lauroba taldeko Ikerrek ere kolaboratu du. Gitarrak eta hammoda moduko efektu bereziak sartu ditu. Oriol Floresek bateria jotzen ere parte hartu du. Axular Arizmendik ere, ohi modura, ekoizpen lanetan eta grabaketan lagundu digu.
Taldeak ere nahikoa eboluzionatu du hasieratik hona.
Hasiera batean lau ginen, eta gero beste gitarra bat sartu zen. Orain, gehiago izanda, lana osatuagoa dela iruditzen zait. Taldean elkar ulertze oso handia daukagu, eta hori ere igartzen da emaitzan.
Mutrikuko AME estudioetan egin zenuten grabaketa iaz. Zelan joan zen?
Kantuak aurretik ondo landuta eraman genituen, eta oso ondo joan zen grabaketa. Emaitzarekin oso gustura geratu gara. Lana soinu aldetik ikaragarri geratu dela iruditzen zait.
Bigarren diskoa ezagutzera emango duen singlea zein izango den aukeratu duzue?
Ez dugu oraindik zehaztu zein izango den gure lehenengo singlea. Ekai kantuak pisu handia du disko honetan, eta aukeratuetako bat izan ahal dela uste dut. Gure asmoa Durangoko azoka aurretik bideoklipa grabatzea da, eta bideokliparekin batera singlea kaleratzea.
Marea morea lanaren aurkezpena abuztuaren amaieran eskaini zenuten Mutrikun. Zelan joan zen esperientzia?
Oso ondo. Herrian izateak bere alde oso onak ere baditu. Faktore guztiak alde eduki genituen. Zaleen gertutasuna sentitu genuen, eta Ekairen gurasoak ere bertan izan ziren… Egia esan, oso hunkigarria izan zen. Oso gustura geratu ginen; gogobeteta amaitu genuen. Zaleen aldetik ere kritika oso onak jaso genituen, eta alde horretatik ere pozik gaude.
Aurrera begira, ze asmo dituzue?
Inguruko herrietan kontzertuak lotzeko ahaleginetan gabiltza. Gure lana ezagutzera emateko irrikitan gaude.
Non lortu daiteke lana?
Gure asmoa lana inguruko herrietan salgai ipintzea bada ere, oraingoz Mutrikuko toki batzuetan jarri dugu saltzen. Aparra jantzi dendan eta Zubixa tabernan eskuratu daiteke diskoa, 10 euroren truke. Bestelakoan, jendeak eskatu ahala bidaltzen ari gara. Egingo ditugun hurrengo kontzertuetan ere diskoa salgai ipintzeko asmoa dugu.
Lana plataforma digitaletan ere eskuragarri dago, ezta?
Bai, hori da. Spotify, Amazon Music eta antzeko plataformetara ere igo ditugu kantuak.