Iñaki Plaza eta Rosa Morales: "Hondakinei dagokienez, denoi dagokigu arduragaz jokatzea"
Plastikoa euren bizitzatik baztertzea erabaki dute Iñaki Plaza ondarrutarrak eta Rosa Morales bilbotarrak. Posible dela diote.
Mundua aldatzeko pretentsiorik gabe, baina plastikoen arazoaren aurrean zerbait egin behar dutela erabakita, Iñaki Plaza ondarrutarra eta Rosa Morales bilbotarra Zero Zabor mugimenduan murgildu dira.
Noiz eta zergatik eman zenuten Zero Zaborrerako pausoa?
Iñaki Plaza: Orain hiru urte hasi ginen, gero eta gehiago entzuten hasi ginenean munduan plastikoa arazo handia bihurtzen ari zela. Ikusi genuen batzuk hasita zeudela horri aurre egiteko pausoak ematen; eta geu ere animatu egin ginen.
Eta aldaketa hori posible da?
Rosa Morales: Pausoak emanaz posible da zaborren ia-ia %100 albo batera uztea.
Zelan lortzen da hori?
I.P: Bakoitzak eman ahal duen urrats bakoitza garrantzitsua da. Galdera bat egin behar diogu geure buruari: ‘Zer egin dezaket nik plastikoa neure bizitzatik kentzeko?’. Galdera horri erantzuteko, hiru urte hauetan ideiak hartzen eta geure eguneroko bizitzan ezartzen joan gara.
Mugimendu hau mundu mailakoa da….
R.M: Erreferentzia garrantzitsuena Bea Johnson aktibista da. Haren liburuan 0 waste home (Hondakinik gabeko etxea izenagaz itzul daitekeena) adibide praktiko ugari daude. Internetez ere erraz bila daitezke. Guk ez dugu ezer berririk asmatu.
Erabakia hartuta, nondik hasi?
I.P: Erabakiak hiru esparruri eragiten die: elikagaiak, etxe barruko garbitasuna eta norberaren higienea. Eta plastikoaren alternatiba arlo guztietan dago.
Arlo bakoitzari erreparatuta, ze bide hartu duzue zuek?
R.M: Elikagaiari dagokionez, ia gehiena ontziratu gabe erosten dugu; telazko poltsekin eta kristalezko potoekin moldatzen gara. Beste alde batetik, beganoak izatean, tetrabrikaren arazoa saihesten dugu, esnearen ordez anakardoen edaria eta jogurtak egiten ditugu eta.
Eta beganoak ez direnentzat zein izan daiteke alternatiba?
I.P: Orain ez horrenbestera arte zen bera: baserritarrarengana jotzea. Auzoan bertan badaukagu bizi guztian esnea egin duen baserritarra; hain zuzen ere, gogoratu esnearen kontsumoa tetrabrikean igo ahala joan zirela esne ekoizleak gutxitzen. Azken batean, ez badugu ontzirik erabiltzen inguruko ekonomian eragiten dugu. Tetrabrikaren erabilera belaunaldi bateko kontua da.
Hor ez da amaitzen elikagaietan plastikoak daukan lekua…
I.P: Plastikorik gabe bizitzeko aukera egiten duzunean, konturatzen zara supermerkatuetan dagoen guztia ez dela jatekoa. Saltzen den guztitik, beharbada, %30 baino ez da benetako jatekoa izango. Eta, beraz, bide batez, osasuna hobetzen da.
Erdibideko urratsak ere hor daudela diozue…
R.M: Gure bizizatik plastikoa erabat desagertzerik ez bagenu ere, denok plastikoen kontsumoa gutxitzea lortuko bagenu, gauza handia izango litzateke Prozesu bat da. Eta gogoratu poltsa bat bakarra kentzea ere asko dela.
Aipatzen duzuen beste esparru bat garbitasuna da. Zelan jokatzen duzue arlo horretan?
I.P: Saldu digute guzur bat, eta zera da: gauza bakoitzarentzat produktu bat behar duzula. Ura, limoia, ozpina eta ontzirik gabe erosten dugun garbigailua; besterik ez dugu behar.
Gure bizizatik plastikoa erabat desagertzerik ez bagenu ere, denok plastikoen kontsumoa gutxitzea lortuko bagenu, gauza handia izango litzateke
Higiene pertsonalerako produktuen artean, zuek zeuek egindakoak ere badauzkazue…
I.P: Kimikaren oinarrizko ezagutza batzuk edukita, hainbat gai norberak egin ahal ditu: eguzkitako krema, krema hidratatzailea edo hortzetako orea, adibidez. Bestela, pastillatan daude salgai. Hiru esparruetan behar diren gauzak erosteko saltokiak badaude.
Zero Zabor bideak esfortzua eskatzen du?
R.M: Hasieran, bai; gero, ez. Hori bai: bakoitzak kontu hauetarako eduki ahal duen astiaren arabera, denbora gehiago ala gutxiago eskainiko dio.
Jendea kontzientziatuta ikusten duzue?
I.P: Mundua finitua den kontzientzia oraintxe hartu dugu; arazoa bisualizatu denean. Galdera da: etorkizuneko umeei ze mundu utzi nahi diegu? Ezin gara boterean eroso daudenen zain egon. Gutako bakoitzari arduragaz jokatzea dagokigu.