60 urte bete ditu aurten Munitibarko frontoiak
Bizilagunek biziki miresten dute 1959an eraiki zutenean herriari egin zion ekarpena.Izan ere, esku pilotaren eta zesta-puntaren harrobia izan da.
Herri batek herri izaerari eusteko bi eraikin izan behar dituela esan ohi da: eliza eta frontoia. Munitibarren, lehenengoak gutxienez bost mendetako historia luzea dauka. Bigarrenak sei hamarkada bete ditu.
1955 urteko ekaineko udal agirietan aurki daiteke frontoiari buruzko lehenengo aipamena. Bertan jasotzen da udal batzarrak aho batez onartu zuela pilotaleku bat edukitzeko nahia. Bi urte beranduago, egitasmoari izena eta guzti jarri zioten: Proyecto de Frontón y probadero de Bueyes en Arbazegui y Guerricaiz. Eta 1.860.734,50 pezetako aurrekontua zehaztuta, bi urteren ostean, 1959 urtean eraiki zuten gaur egun oraindik zutik dirauen harribitxia.
Eraikitzeko toki berean erortzear zegoen jauregi-etxea bota behar izan bazuten ere, frontoiak herria berpiztu zuela diote bizilagunek.
Harrobi sendoa. Azken hamarkadan, gaztetxoak hezten eta doitzen jardun du buru-belarri Lea Ibarra Motrollo pilota elkarteak. Izan ere, Aulestiko, Gizaburuagako, Mendexako, Amorotoko, Ispasterko eta Munitibarko harrobia zaintzeko ardura daukate beregain.
“Herri erdi-erdian dago kokatuta, eta horrek eragin zuzena dauka zaletuengan”
Horrela aitortu du Unai Iglesias elkartekideak ere, herriko frontoiari izugarrizko erabilera ematen diotela. “Munitibar herri txikia da, baina frontoiak garrantzia handia izan du beti, eta zer esanik ez, gaur egun. Herri erdi-erdian dago kokatuta, eta horrek eragin zuzena dauka bizilagunengan, erraztasunak ematen dizkie pilotan aritzeko eta kirol hau bultzatzeko. Udalak ere frontoia berrizten ahalegintxoa egin du. Pilotalekua margoztu du, eta argi berriak jarri dizkio, besteak beste”, azaldu du gernikarrak.
Zesta-punta errege. Esku pilotak indarra hartu aurretik, baina, herrian bestelako modalitate bat izan zen nagusi. Frontoia bera eraiki baino lehenago bazegoen zesta-puntarekiko zaletasuna, baina pilotalekuaren irekierak bizilagunen etorkizuna guztiz baldintzatu zuen, Jose Angel Uberuagarena, esate baterako.
Gaztetatik herriko frontoian entrenatzen emandako urteei esker profesional izatera ailegatu zen. Besteak beste, 70eko eta 80ko hamarkadetan, Ameriketako Estatu Batuetako, Kubako edota Mexikoko pilotalekuetan lehiatu zen. Profesional izateari utzi, eta 21 urte jokatu barik egon ostean, puntista senak berriz zesta hartzera bultzatu du.
Zergatik erabaki zenuen puntista izatea?
Herri txikia da Munitibar, baina ni gaztea nintzenean, jende asko bizi zen. Guztion ametsa puntista izatea zen, izan ere, bizitzan aurrera egiteko eta etorkizun arrakastatsu bat izateko aukera eskaintzen zuen zesta-puntak. Frontoiaren eraikuntzak herria eraldatu zuen, ekonomikoki oso garrantzitsua izan zen. Kirolari profesionalak izan, eta mundu guztian Euskal Herriaren enbaxadore bilakatu ginen.
“Munitibarko frontoiaren eraikuntzak herria eraldatu zuen”
Zergatik da horren garrantzitsua Munitibarko frontoia?
Berezia da, jokatzeko paregabea. Gainera, identitatea ematen dio herriari. Luzeera aproposa dauka, horregatik, eraiki zutenean ezaguna egin zen. Markina-Xemeindik eta Gernika-Lumotik etortzen ziren puntistak entrenatzera. Nire garaiko puntista onenekin jokatzeko aukera izan dut, eta beraiek aipatzen zuten bertara askotan joaten zirela, neurri ezin hobeak zituelako. Gernika-Lumokoa oso handia da, luzeegia, eta horrek arazo bat suposatzen du errebotea erabiltzerako orduan. Puntista peto bat izateko zail izaten dute gernikarrek, umetatik atzeko hormatik ez baitute pilotarik jasotzen. Atzeko hormara pilota heltzen ez bada, ez dago errebotea lantzerik, pilota ez dator bueltan. Horregatik, Munitibarko frontoia txikiagoa zenez, bertan ensaiatzen zuten inguruko herrietako puntista askok. Horrez gain, oso naturala da; ez da bizia, ezta motela ere. Baina arazo txiki bat zeukan. Kantxa galipotagaz eginda zegoen, eta udan, bero handia egiten zuenean, altxatu egiten zen apur bat.