Osasun betean ospatu dute VII. Usotegi Eguna Lekeition
Manu Gezuragak osasuntsu elikatzeko aholkuak eman ditu 'Elikadura jasangarria' hitzaldian; Lekitto Bedarrak jakinarazi du sukaldaritza irakasleagaz kolaborazio gehiago egingo dituztela ikasturtean.
Hitzordu berezia eduki dute gaur [urriak 19, zapatua] Lekeitioko Usotegi parkean. VII. Usotegi Eguna antolatu du Lekitto Bedarrak, eta ume zein nagusientzako ekimenez bete dituzte ospakizunak. Ateri egon denez, parkean bertan egin ahal izan dituzte ekimen guztiak.Â
Sarreran azoka izan dute herritarrek eskura goiz osoan, berton ekoiztutako baratzeko sasoiko produktuekin. Eta parkera sartuta, txorimalo tailerrean bilduta zebiltzan etxeko txikiak, gurasoak lagun. 10:00etan hasi dira txorimaloei forma ematen, eta 12:00ak pasatxo prest zeuzkaten. Bi egin dituzte, eta bata goikaldean eta bestea behekaldean, dotore geratu dira baratzea zaintzen. Umeek ondo baino hobeto pasatu dute lasto artean jolasean.
Elikadura osasuntsua bultzatzeko helburuagaz, Manu Gezuraga sukaldaritza irakasleagaz solasaldian bildu dira ondorengo minutuetan. Elikadura jasangarriaz aritu da lekeitiarra: produktu freskoen, kontserben, izoztuen eta transgenikoei buruzko azalpenak eman ditu; osasuntsu egoteko jarraitu beharreko pautak. Sasoian sasoiko produktu freskoak, Kilometro 0 eta slow food–ean oinarritutakoak kontsumitzeko eta transgenikoak ekiditea aholkatu die hitzaldian bildutakoei. Horren harira, Greenpeacen transgenikoen gida gorri eta berdea irakurtzea gomendatu du. Datu garrantzitsu bat ere eman du: marka zuriak ez direla transgenikoak. Jarraian, Lekitto Bedarreko kideek prestatutako janariaz gozatu ahal izan dute guztiek. Besteak beste, pistoa, arroza eta patatak izan dituzte aukeran.
Txapelketen txanda. Aitzur jaurtiketaren txanda izan da ostean. Bederatzi lagunek parte hartu dute, eta oin erdigatik, iazko irabazleak lortu du garaipena: Imanol Barainkak (19 metro, 43 zentimetro). Kristian Arantzamendi geratu da bigarren (19 m, 22 zm) eta Lander Urrutibeaskoa hirugarren (17 m, 78 zm). Julian Arrate iazko azpitxapelduna laugarren geratu da (17 m, 16 zm) eta Edu Zabala bosgarren (17 m, 15 zm). Usotegin bertan ekoiztutako kalabaza baten eta Lasturgo gaztaren pisua igartzeko sariketak ere egin zituzten: Landerrek igarri zuen kalazaren pisua (9 kg, 25 mg) eta Ainara Gorrotxategik gaztarena (2 kg, 945 gr).
Julian Arrate Lekitto Bedarreko kideak azpimarratu du ikasturte berrian aro berri bati ekingo diotela, eta horren harira jakinarazi du Manu Gezuragagaz kolaborazio gehiago egiteko asmoa daukatela: “Tailer bat edo bete egingo ditugu beragaz”. Usotegiko ateak nahi dutenentzat zabalik daudela gogoratu du.