Herritarrentzako tailerrak eskainiko ditu Lea Ibarra Mankomunazgoak datozen asteetan
'Teknologia berrien erabilera gurasoentzako' eta 'Zaintzaileen zaintza' dira tailerrak, eta doan izango dira. Mankomunazgora deituta (94-684 29 63) edo herri bakoitzeko udaletxean izena eman behar da.
Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak tailer berezi bi prestatu ditu: Teknologia berrien erabilera gurasoentzako eta Zaintzaileen zaintza. Doakoak dira bata zein bestea, baina mankomunazgora deituta (946842963) zein herri bakoitzeko udaletxera zuzenduz izena eman behar da.
Teknologia berrien erabilerek familietan duten garrantziaz, edo teknologia horiek izaten ari diren eraginaz hausnartzeko saioak jasoko dituzte mankomunazgoko bizilagunek. Batez ere, gurasoei zuzendutakoak dira, eta gaur izango dute lehen hitzordua Munitibarren. Urriaren 29an berriz eskainiko dute herrian, eta azaroan Aulestin (hilaren 5ean eta 12an) zein Gizaburuagan (hilaren 19an eta 26an) egongo da saioetara hurbiltzeko aukera. Abenduan, bestalde, Amoroton (hilaren 2an eta 3an) zein Mendexan (hilaren 9an eta 10ean) edukiko dute hitzordua. 17:00etatik 18:30era eskainiko dute herri guztietan tailerra.
Zaintza tailerra, Aulestin. Bestalde, zaintzaile izateak «zer suposatzen» duen eztabaidatuko dute Aulestin azaroko astelehenetan, 17:00etatik 18:30era. «Senide eta zaintzaileei zuzenduta» dago, eta bosgarren ekitaldia izango da aurtengoa.