Marilyn talde ondarrutarrak irabazi du 15. Kameratoia
Goretti Serrano, Nerea Ansola, Leire Ikaran eta Naia Arantzamendik irabazi dute azken urteotan Lekeition egiten den film laburren lehiaketa arrakastatsua.
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak Euskaltzaleen Topaguneagaz elkarlanean antolatutako 15. Kameratoiak baditu saridunak. Kameratoiko sari nagusia Goretti Serrano, Nerea Ansola, Leire Ikaran eta Naia Arantzamendi ondarrutarrez osatutako Marilyn taldeak irabazi du. Pil-pilean dagoen eta zeresan handia eman duen gaia jorratzen duen Urak dakarrena komediazko film laburrak 1.000 euroko saria eskuratu du.
600 euroko bigarren saria EHUko ikus-entzunezko ikasleez osatutako Emeki taldearen Sonder elkarrizketa formatuan egindako lanak eskuratu du. Film laburren emanaldira bertaratu direnek, gainera, lanik gustukoena bozkatzeko aukera izan dute. Neuke produkzioaren Gure artean lanak irabazi du Publikoaren saria.
Antolatzaileek iragarri dutenez, ikus-entzunezko rallyra bederatzi film labur aurkeztu dituzte parte hartzaileek. Oro har, lehiaketara aurkeztutako lanan kalitate ona azpimarratu nahi izan dute Itxaso Paia Euskaltzaleen Topaguneko kideak eta Ibon Noya Lekeitioko Kultura Saileko teknikariak. Aurten egon den giro ona eta lanen kalitatea goraipatu nahi izan zituzten. Bereziki, parte hartzaileek lekeitiarrengandik jaso duten laguntasuna eta harrera ona azpimarratu nahi izan dituzte.
Sari banaketa domekan [urriak 27] egin zuten Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan. Beste urte batez Ugaitz Alegria aktore ondarrutarra izan da sari banaketa ekitaldiaren aurkezlea, baita epaimahaikidea ere, Itziar Ituño aktoreagaz eta Yogurinha Borova musikariagaz batera. Hiru epaimahaikideek antolatzaileekin bat egin dute, lanen kalitatea nabarmentzerakoan.
Lekeitioko txokoak izan da dira hirugarrenez euskal sortzaileen lekukoak. Zergatik ez? gaiari helduta, parte hartzaileak film laburrak ekoizten aritu dira 48 orduan (urriaren 25etik 27ra). “Aurkeztutako lanek sormen handia erakutsi dute galdera hau erabiltzeko orduan”. Proposaturiko gaiagaz batera beste hainbat ezaugarri ere txertatu behar izan dituzte parte hartzaileek balorazio orokorrean puntuak lortzeko. Musikagaz lotura duten instrumentuak sartu behar izan dituzte lanetan. “Aurten musika izan da ardatz, eta antolatzaileek keinu bat egin nahi izan diote Lekeitioko musika talde baten abestiaren titulua erabiliz”.
Urak dakarrena lana eta Sonder lanak, bestalde, Durangoko Azokaren baitan Irudienea plazan ospatzen den DemaSA lehiaketara pasako dira zuzenean. Jasotako lan guztien artean finalaurreko irekia egingo dute azaroaren 11tik 17ra. “DemaSA webgunearen bitartez, aste horretan erabiltzaileek gustuko dituzten lanak bozkatzeko aukera izango dute”. Boto gehien dituzten hamar lanak bakarrik joango dira abenduaren 8an ospatuko den final handira.