173 lagun batuko ditu Lea Artibai Fest '19 egitasmoak
Azaroko zubian, barikutik [hilaren 1a] domekara [hilaren 3a] eskualdeko herrietan bisita gidatuak eta tokiko produktuen dastaketak egingo dituzte.
Leartibai Garapen Agentziak “egitarau interesgarria” prestatu du eskualdeko herrietan azaroko zubirako. Izan ere, hilaren 1etik 3ra, bisitari zein bizilagunei “inguruko ondarea eta gastronomia ezagutzeko aukera paregabea” luzatuko die Lea Artibai Fest ’19 egitasmoaren baitan. Bisita gidatuak antolatuko dituzte herriz herri, eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 173 pertsona batuko direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Egitasmoaren helburuak bi dira. Batetik, “behe-denboraldian turismoa sustatzea” eskualdera jendea erakartzeko aukerak handituz, eta bestetik, “ekimen desberdinak garatzea gastronomia eta kultura uztartuz”. Hala, “tokiko produktuak” dastatuko dituzte parte hartzaileek Lekeition, Santa Eufemin, Mendexan, Ondarroan eta Markina-Xemeinen egingo dituzten bisitetan.
Barikuan [azaroak 1] Lekeition izango dute hitzordua 11:00etatik 12:00etara (20 parte hartzaile), eta 12:00etatik 13:00etara (17 parte hartzaile). Santa Katalina Itsasargira joango dira lehenik, eta Amarra muskuilua dastatuko dute gero. 16:30etik 18:00etara, berriz, Larruz gaztandegira hurbilduko dira Santa Eufemin (35 parte hartzaile).
Zapatuan [azaroak 2], bestalde, goizean Mendexako Marierrota Interpretazio Zentrora egingo dute bisita gidatua, eta ostean talo tailerra eskainiko dute (34 parte hartzaile). Arratsaldean, Ondarroa eta herriko zubiak izango dira protagonista. Bekozini antzokian egingo dute gero dastaketa (30 parte hartzaile).
Domekan [azaroak 3], Markina-Xemein “monumentalean” ibilaldia egin eta Antsotegi Hotelean izango dute dastaketa prest, goizean (37 parte hartzaile).
Lea Artibai eta Lea Ibarra mankomunitateen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Euskadi Basque Country-ren eta Eusko Jaurlaritzaren babespean antolatutako egitasmoa da.